Kutxak ehun milioi euro irabazi ditu lehen bederatzi hilabeteotan

Gipuzkoako lehen bi bulegoak zabaldu ditu BBK-k, Eibarren eta Zarautzen

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Urteko hirugarren hiruhilekoa gazi-gozoa izan da Gipuzkoa Donostia Kutxarentzat. Iaz baino gutxiago izan arren, diru asko irabazten ari da aurten ere, baina berankortasuna handitzen ari da, eta zalantzazko maileguei aurre egiteko estaldurak behera egin du.

Urtea hasi zenetik 100,2 milioi euroko etekin garbia izan du Kutxak. Horietatik 25 milioi dagozkio azken hiruhilekoari, ekainaren amaieran mozkina 75 milioikoa baitzen. Orduan, baina, urteko irabazia %4,6 handitzen ari zen, eta orain, berriz, %29,3 gutxitzen. Kutxak agiri baten bidez justifikatu duenez, iazko lehen bederatzi hilabeteotako emaitza «bikaina» izan zen, eta urtearen amaieran «erlatibizatu» egin zen: 2008ko irailaren 30era arte 147 milioi euroren irabaziak iragarri zituen Kutxak, eta 140 milioikoak, berriz, urte bukaeran.

Gauzak horrela, Kutxak nabarmendu du mozkin errepikaria -negozio arruntarena, aurrezkien eta maileguen kudeaketa-144,46 milioikoa izan dela, duela urtebetekoaren ia halako bi. Beraz, 2009-11ko eperako BAI Plan estrategikoak urte osorako finkatutako mozkinera iristen ari da: 150 milioi aurten, 160 milioi 2010ean eta 170 milioi 2011n.

Berankortasunari buruzko datuak ematerakoan, Kutxak Euskal Herriko eta Espainiako lehiakideekin alderatu ditu, bereak nabarmen hobeak direlako. Gipuzkoako aurrezki kutxak %3,06ko berankortasuna zuen irailaren 30ean, eta kutxen sektoreak, berriz, %5,18koa zuen abuztuan. Zalantzazko aktiboen %86,4 estalita ditu, eta %56,4 lehiakideek.

Baina parametro batean zein bestean okerrera egin du Kutxak: iaz, urte amaieran, %1,87ko berankortasuna zuen, eta %2,73koa ekainaren 30ean. Estaldura, berriz, %125ekoa zen duela hamar hilabete eta %95,5ekoa duela lau.

Kutxak administratutako baliabideek %3,3 egin dute behera -19.096 milioi ditu-, baina 1.728 milioiko likidezia duenez, maileguak emateko moduan dagoela dio. Iaztik hona %2,7 handitu ditu maileguak, baina %0,6 gutxitu ditu etxebizitzak erostekoak. Kaudimen aldetik ere eroso dabil, %14,56koa baitu, Espainiako Bankuak eskatzen duen %8kotik oso goitik.

Azken hiruhilekoan 52,2 milioi euro kudeatu ditu Kutxaren Gizarte Ekintzak, eta 3.000 ekimen antolatu ditu.

Bizkaitarrak Gipuzkoan

Irailaren hasieran zabaldu zuen Kutxak lehen bulegoa Bizkaian, Durangon, hain zuzen ere. Atzo, berriz, kolpea erantzun zion BBK-k, Gipuzkoako lehen bulegoak zabaldu baitzituen, Eibarren eta Zarautzen. Hiru langile eta 150 metro koadro ditu bulego bakoitzak.

Hilabete batzuk aurreratu zaio Bizkaiko beste finantza erakunde bat, Ipar Kutxa kreditu kooperatiba, otsailean zabaldu baitzuen Gipuzkoako lehen bulegoa, Hernanin. Orduz gero Donostian eta Tolosan ere ireki ditu, eta atzo iragarri zuen Eibarren eta Beasainen zabalduko dituela hurrenak.

Ipar Kutxak ere emaitzak zertxobait okertu ditu urteko hirugarren hiruhilekoan. Hamar milioi euro irabazi ditu (-%4,8), haren esanetan, interes tasen jaitsieragatik. Berankortasun tasa %2,24koa da, ekainekoaren antzekoa (%2,21). Zalantzazko maileguen estaldura %102koa zen, eta 280,2 milioiko likidezia zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.