kutxen bateratzea

Kutxaren batzarrean ere %92 pasako babesa eman diote kutxen bat egiteari

Banatuz ezker abertzaleko bezeroen plataformak alde bozkatu du, Bilduk lortutako akordioagatik. LAB abstenitu egin da. BBKn eta Vitalen lehengo astean egin zituzten batzarrak. Helburua Kutxa Bank 2012. urtea hasi bezain pronto martxan egotea da.

Berria.info
2011ko irailaren 23a
22:05
Entzun

Banatuz ezker abertzaleko bezeroen plataformak kutxen bat-egitearen alde bozkatu du gaur, Kutxaren ezohiko batzar nagusian, eta, ondorioz, BBK Bizkaiko aurrezki kutxaren, Vital Arabakoaren eta Kutxa Gipuzkoakoaren bat egiteak gaurkoan ere %90 pasako babesa jaso du (%92,8). 98 kontseilarietatik (bi ez dira agertu) 91k bat egitearen alde bozkatu dute. Aralar, EB eta ELAk aurka bozkatu dute –bost ordezkari dituzte hiruren artean—, eta LAB abstenitu egin da, lan baldintzen arloan akordiorik ez dagoelako. H1!-eko ordezkari bat ere abstenitu egin da.

BBK eta Vitaleko batzarrak lehengo astean egin zituzten: BBK-koan 92 kontseilarik bozkatu zuten bateratzearen alde, eta seik kontra, Vitalekoan 95 alde, bi aurka, hiru abstentzio.

Banatuz-ek hamabi ordezkari ditu Kutxako batzarrean. Berez, kutxek banku bat sortzearen kontra dago, baina kutxetako zuzendaritzek Bildurekin lortutako akordioaren ostean jarrera aldatu du.

18:30ean hasi da bilkura, Donostian.

Gaurkoaren ondoren, Kutxa Bank zuzenduko duen administrazio kontseilariak izendatuko dituzte. Hogei izango dira, guztira. BBKri hamabi dagozkio (%60), Kutxari sei (%30), eta Vitali bi (%10). Gutxi gorabehera, banaketa kutxa bakoitzak duen parte hartzearekin bat dator. Helburua Kutxa Bank 2012. urtea hasi bezain pronto martxan egotea da. Banku berriak 75.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, 1.300 bulego eta 9.000 langile. Giro ekonomikoa alde izanik, egungo emaitzak hirukoizteko aukera lukeela diote azterketa batzuek: 2010. urtean izandako 380 milioi euroko irabazietatik 846 milioi eurora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.