Kutxen bat-egitea «bizirik» dagoela dio Etxeparek

Kutxak 40 bulego irekiko ditu aurten, eta «horietakoren bat» Nafarroan jarriko du

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kutxen bat-egite prozesua «lozorroan» dagoen arren, ez du pazientziarik galdu Carlos Etxepare Gipuzkoa Donostia Kutxako presidenteak. Proiektua «bizirik» dagoela azpimarratu du, eta bat-egiteak aurrera egin dezan, ahal bezainbeste adostasun lortzeko lan egiten ari dira. Betiere, BBKren eta Vital Kutxaren erabakiak «errespetatuz».

Nafarroako Kutxaren lehiarekin, berriz, «lasai» dagoela azpimarratu du. Nafarroako Kutxak bulegoak irekiko ditu Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta «ongietorria» ere eman dio Kutxako lehendakariak. Era berean, iragarri du Kutxa Nafarroan sartuko dela aurten. Gipuzkoatik kanpora 40 bulego irekiko dituzte 2006an, eta «horietakoren bat» Nafarroan jarriko dutela aitortu du. Errentagarritasunari erreparatuko diotela nabarmendu du, Nafarroara «negozioak egitera» joango baitira. Edonola ere, Etxeparek azpimarratu du Nafarroa ez dutela lehentasun.

Bulego sarea hirukoiztuta

Hedapen prozesua uste baino lehenago amaituko du Kutxak. Hamar Plangintzaren arabera, 200 bulego berri irekiko dituzte 2008a amaitzerako, baina aurreratu dutenez, 2007aren bukaerarako helburua beteko dute. Izan ere, Kutxak jada bikoiztu egin du Gipuzkoatik kanpora duen bulego sarea, eta 2007ko abendurako hirukoiztu egin nahi du. Ondoren, Frantziako hedapena sendotzen jardun nahi dute. Bi bulego badituzte jada (Pauen bata eta Bordelen bestea).

Abenduaz geroztik birritan igo ditu interes tasak Europako Banku Zentralak (%2,5ean dira), eta ondorioz, emaitzak hobetuko dituztela aitortu du Etxeparek. «Baldin eta ez badira eskandaluzko igoerak». Era berean, interes tasak inflazioaren pare egitea «bidezkoa» dela nabarmendu du (%3,7 iaz).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.