Kutxen bateratzeari 2011 arte ez diotela helduko dio Fernandezek

BBK prest dago beste kutxaren bat bereganatzeko, baina ez dela erraza izango esan du presidente berriak

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
2011. urtea arte ez diotela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxak bateratzeko proiektuari berriro helduko uste du Mario Fernandezek, BBK Bilbao Bizkaia Kutxako presidente berriak. Fernandezen irudiko, «arrazoi objektiboak» daude aukera hori orain gauzatzea «ezinezko» bihurtzen dutenak.

Presidente kargua hartu eta hurrengo egunean Radio Euskadi irratiak elkarrizketatu zuen Fernandez. Haren irudiko, 2010. urteko amaiera garai ona litzateke bat-egitea nola eta noiz egin litekeen hausnartzen hasteko, «bidean zenbat hildako geratu diren» ikusi ondotik, krisia dela-eta desagertuko diren erakundeei erreferentzia eginez. Jarrera hori hala Kutxako nola Vitaleko agintariei azaldu eta ulertu dutela ziurtatu zuen BBK-ko agintariak.

Euskal kutxekin bateratu baino lehen beste erakunde bat bereganatuta dimentsioa handitzen saiatzea «arrazoizkoa» dela uste du. Horren haritik, harreman «ofiziosoak» izan ditu Espainiako Bankuarekin eta Espainiako aurrezki kutxa batzuekin. Haatik, hainbat erkidegotako finantza erakundeen arteko integrazioak «zailak» izango direla susmatzen du, beste kutxa batzuetan ere auzi politikoak daudelako.

Kutxen sektorea berrantolatzeko asmoz, berariazko laguntzak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Halako operazio baten bidez BBKren dimentsioa «bikoiztea» posible dela ziurtatu zuen Xabier Iralak presidente kargua utzi baino lehen. Atzo, hitz horiek azaldu zituen Fernandezek. «Ez dugu inor zapaldu nahi. Adi gaude, apaltasunez jokatuko dugu, baina handinahitsuak gara».

Bestalde, Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo operaziorik ez dutela egingo aurreratu zuen Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.