Hamar hilabeteko tramitazioaren ostean, Eusko Legebiltzarrak onartu du Aurrezki Kutxen Legea. EAJk eta PPk bozkatu dute alde, eta PSE-EEren babes partziala izan du, kutxetako aginte organoen banaketa berriaren aurka egin baitu alderdi horrek. Aralarrek, EAk, Ezker Anitzak eta UPDk kontrako botoa eman dute. Behin legea onartuta, berritu egin beharko dira BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarrak.
Aurrezki Kutxen Legeak ekarriko duen aldaketetako bat da murriztu egingo dela erakunde publikoen ordezkaritza, %50etik %40ra. Nabarmendu dute «legea Espainiako araudira egokitzea, kutxak despolitizatzea eta profesionaltasuna bultzatzea» dela helburua. Hasiera batean, PSE-EEk eta PPk adostu zuten erreformarako testua. Eusko Jaurlaritzak ere kutxen batzarretan ordezkaritza izatea nahi zuen alderdi sozialistak, eta hala biltzen zuen hasierako proposamenak. Iazko urte amaieran, ordea, Kutxabankeko administrazio kontseilua osatzeko akordioa egin zuten EAJk eta PPk, eta horrek goitik behera aldarazi du hasierako proiektua, PPk EAJren proposamenaren alde egitea erabaki baitu.
Azkenean, honela aukeratuko dira kutxetako batzarretako ehun ordezkariak:ezarleek aukeratuko dituzte 48; erakunde fundatzaileek —hiriburuetako udalak eta diputazioak— 17; udalerriek 17; langileek 7; batzar nagusiek 6; eta interes kolektiboko erakundeek 5. Erakunde sortzaileen ordezkariak ez dira hautatuko alderdi bakoitzaren proportzionaltasunaren arabera, gehiengoa duenak aukeratuko ditu kide guztiak. Oraingo osaketak kontuan hartuta, EAJk aukeratuko lituzke Bizkaian, Bilduk Gipuzkoan eta PPk Araban. Era berean, Kutxabankeko administrazio kontseilua ere gehiengoz aukeratuko da, ez batzar bakoitzaren proportzionaltasunaren arabera.
Kutxetako organoetako karguak bateraezinak izango dira kargu publiko politikoekin. Era berean, administrazioetako goi kargudunak ezingo dira izan kutxetako batzarretako ordezkari.
«Presaka» onartutako legea
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak gonbidatuentzako eserlekuetatik jarraitu du Legebiltzarreko bozketa. Gaitzetsi du «presaka» onartu dutela lege aldaketa, Eusko Jaurlaritzako «egoera antidemokratikoaz» baliatzeko. EAJri eta PPri leporatu die Kutxabanken kontrola eskuratu nahi izatea, gaur egun erakundeetan dagoen ordezkaritza politikoa kontuan hartu gabe.
EAJk nabarmendu du lege berriarekin herritarrak eta langileak izango direla batzarretako protagonista, %55eko ordezkaritza izango dutelako. PSE-EErentzat, «gehiegizko ordezkaritza» izango du EAJk. PPrentzat, berriz, kutxen «despolitizazio argia» defendatzen du legeak. Aralarrek eta Ezker Anitzak kritikatu egin dute legea, kutxen pribatizazioaren alde egiten duela uste dutelako.
Kutxen Legea, onartuta
EAJk eta PPk bozkatu dute alde; PSEk hainbat puntu babestu ditu, batzarren osaketarekin ados ez dagoen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu