BBK, Kutxa eta Vital Kutxako batzarrak berritzeko lehen pausoa gaur emango dute, ezarle edo bezeroen arteko hauteskundeekin. Bozketak kutsu politiko handia du, alderdi politikoei lotutako hautagaitzek lortu ohi dutelako sostengu handiena. Eusko Legebiltzarrerako bozetan gertatu den antzera, EAJk bultzatutako hautagaitzaren (Aurrera) eta EH Bilduk aurkeztu duenaren artean (Biltzen) lehia estua espero da.
Kutxabank sortu zenetik, kutxetako batzarrek garrantzia galdu dute, banku berriko administrazio kontseiluaren kaltetan. Baina administrazio kontseilu horretan zein eseriko den, neurri batean, gaurko bozen menpe dago. Izan ere, batzarren osaeraren arabera eratzen dituzte kutxetako administrazio kontseiluak, eta azken horiek erabakitzen dituzte bankuko buruzagitzan nortzuk izango diren. Gainera, BBK, Kutxa eta Vitaleko batzarrek badute zeresana garrantzi handiko erabakietan; bat egite edo erosketetan, esaterako.
Batzarrak hilaren 21erako osatuko dira, 80 kiderekin. Ezarleek 37 ordezkari dituzte, hamalauna erakunde fundatzaileek (aldundiek eta hiriburuetako udalek) eta bulegoak dituzten udalerriek, sei langileek, bost batzar nagusiek eta, azkenik, lau kultur erakundeek. Kutxen lege berriarekin, batzarkide talde bakoitzak bere pisuaren arabera hautatzen ditu administrazio kontseiluko kideak: sei dagozkie bezeroei, hiruna fundatzaileei eta udalei, bana batzar nagusiei, langileei eta kultur erakundeei.
BBKren eta EAJren indarra
Kutxabankeko administrazio kontseiluak ere 15 kide ditu: bederatzi ordezkari aukeratzen ditu BBK-k, lau Kutxak eta bi Vitalek.
Botere banaketa horrekin, eta BBKn duen indar handiari esker, EAJk aulki mordo bat ziurtatuta dauzka Kutxabankeko administrazio kontseiluan. Eta nahiko ziurra da oraingoan EH Bilduk ere lortuko duela Kutxabankeko kontseiluan sartzea, gaurko bozak gorabehera, Gipuzkoako erakundeetan duen gehiengoa dela eta.
Kutxen organoak berritzen hasiko dira gaur, bezeroen bozketarekin
Alderdi politikoek bultzatutako hautagaitzen arteko lehia izango da, EAJ eta EH Bildu buru direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu