Lan gatazkak

La Auxiliar Navaleko langileek greba utzi dute

Enpresak agindu die atzeratutako soldatak hamar eguneko epean ordainduko dizkiela.

jarraia177825.jpg
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 21a
14:27
Entzun

Bi egun iraun ditu greba mugagabeak Lutxanako La Auxiliar Naval enpresan (Erandio, Bizkaia). Asteazkenean hasi zuten greba mugagabea, salatzeko enpresak soldata batzuk zor zizkiela.

LABek gaur jakinarazi duenez, makinak berriro martxan jartzea adostu dute zuzendaritzarekin: «Enpresak behartuta ikusi du bere burua jarrera immobilista eta pasiboa berriz planteatzera».

Hiru konpromiso hartu ditu zuzendaritzak langileekin: soldatak hamar egunean ordaintzea, batzorde bat sortzea enpresaren egoerari jarraipena egiteko eta «iraganeko egoeratara ez itzultzeko", eta, azkenik, enplegu erregulazioan dauden langileak «modu progresiboan» lanera itzultzea.

Langileek enpresari ohartarazi diote berriro «erantzun bateratua eta antolatua» emango diotela zuzendaritzari adostutakoa beteko ez balu eta «iraganeko praktika okerretara» itzultzen bada.

La Auxiliar Navalek itsasontzietarako leihoak egiten ditu, eta arlo horretan aritzen den Euskal Herriko enpresa bakarra da. Kinka larrian dago enpresa. Azken bi urteotan hornitzaileei ordaintzeari utzi dio; Gizarte Segurantzari ez dio behar bezala pagatu, eta hainbat soldata zor dizkie bere 25 langileei.

Sindikatu horrek uste du enpresaren egoeraren erantzuleak enpresaren jabeak direla, Antonio eta Alberto Arredondo anaiak. Grebaren hasieran ziurtatu zuenez, haien «pasibotasunak eta immobilismoak ekarri gaituzte egungo egoerara».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.