Lan gatazka

La Moreako H&Mko langileek akordioa lortu dute, eta greba bertan behera utzi

2009tik izoztuta eduki dituzte soldatak, eta galdutako erosahalmena berreskuratu dute, %24,7ko soldata igoera hitzartuta

H&M-ko langileak akordio ospatzen. ELA - @ELASINDIKATUA
joxerra senar
2023ko abuztuaren 1a
10:57
Entzun 00:00:0000:00:00

234 egunen ostean, La Morea merkataritza gunean H&M-k duen dendako langileak lanera itzuli dira. Pozik. Izan ere, langileen ordezkariak akordio batera ailegatu dira multinazionaleko zuzendariekin bertako hamahiru saltzaileei eta arduradunei soldata %24,7 igotzeko.

2009an eguneratu zen azkenekoz Nafarroako ehungintza sektoreko lan ituna, eta ordutik ez zaie soldatarik igo langileei. Akordioaren arabera, ordainsariak %24,7 igoko zaizkie: uztailaren 1etik aurrera, saltzaileentzat 20.963 euro izango da erreferentziazko soldata gordina, eta arduradunentzat, 23.600 euro.

Hartara, 2009tik galdutako erosahalmen osoa berreskuratuko dutela azaldu du ELAk. Lanaldi partzialeko langileei astean bost ordu gehiago gehitu zaizkie, eta, inflazioaren eragina kenduta, soldata erreala %16 eta %20 artean igo zaie.

Bere txikian, Nafarroako grebarik luzeenetariko bat aurrera eraman dute langileok, eta ELAk nabarmendu du sindikatuaren erresistentzia kutxa «ezinbestekoa» izan dela helburua lortzeko. Abenduaren 9an ekin zioten grebari, eta sindikatuak arrakastatsutzat eta «oso positibotzat» jo du: «Harro gaude proiektu sindikala La Moreako H&Mko langileekin partekatzeaz, garai hauetan behar den borrokan jarraitzeko adoreari eta erabakitasunari eutsi baitiote», adierazi du sindikatuak

ELAk akordioaren garrantzia nabarmendu du, edukiagatik eta «lortu den uneagatik». Berriki, uztailaren 17an, ehungintzako estatuko hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu zen, batik bat Inditex eta H&M multinazionalek bultzatuta. «Hitzarmen hori oso albiste txarra da Nafarroako langileentzat», iritzi dio ELAk.

Sindikatuaren arabera, Nafarroako sektoreko lan ituna hamalau urtez egon da blokeatuta, eta estatuko hitzarmenak «arriskuan» jartzen du hura berreskuratzea. Estatuko negoziazio esparruan araututako lan baldintzak apalagoak direnez, ELAk uste du sektoreko lan baldintzak arriskuan daudela.

CCOO eta UGTren rola kritikatu du: «Ezin dugu ahaztu Inditex akordio batera iritsi zela urteko 18.000 euro gordineko erreferentziazko soldata ezartzeko». H&Mrekin ere estatu mailan akordioa lortu dutela aipatu du: «Urtean 1.000 euro igotzea hitzartu dute; La Moreako akordioak, berriz, 4.000 euroko igoera dakar». Horregatik, ELAk azpimarratu du Nafarroak estatuko hitzarmenaren aplikazio eremutik kanpo geratu beharko lukeela, sektoreko langileen mesedetan eta bertako negoziatzeko eskubidea errespetatzeko.

Normaltasunera itzulera

Amaia Aristu ELAko ordezkariak azaldu duenez, uztailaren 14erako akordioaren puntu nagusiak hitzartu zituzten, eta ondorengo asteetan xehetasunak gehitzen eta akordioa gainbegiratzen aritu dira. Lan itunak 2024ra arteko iraupena izango du.

Gaur lanera itzuli dira, pozik. «Hainbeste denboraren ostean, normaltasunera itzultzea apur bat arraroa izan da, baina oso kontentu gaude lortutakoarekin». 234 greba egun egin dituzte, eta amaieran ikusi dute borroka egitea merezi duela. «Bagenekin hasieratik hori, baina bidean ahots asko entzuten dira grebak ez duela ezertarako balio esanez, eta horretan baieztatu gara».

Bidea «luzea eta gorabeheratsua» izan da. Hemezortzi langilek hasi zuten lanuztea, eta hamahiruk bukatu dute. Euren arteko batasunak eta tinkotasunak eta ELAk emandako babesa ezinbestekoak izan direla aipatu du Aristuk. Erresistentzia kutxaren sostengu ekonomikoaz gain, sindikatuak emandako babesa goraipatu du: «Bigarren etxea izan da».

Akordioari dagokionez, %24,7ko soldata igoeraz gain, lanaldi partzialetan lanordu kopurua handitu izana azpimarratu du Aristuk: «Kontratazioen partzialtasuna murriztu dugu, hori baitzen gure aldarrikapenetako bat».

Aristuren arabera, sektoreko enpresek lanaldi partzialeko kontratuak egiten dituzte, eta langile gehienak hala daude H&Mn. «Uste baino gehiago murriztu dugu lanaldiaren partzialtasuna ordu gehiago erantsita. Soldata handiagoa izateaz gain, lanordu gehiago izango ditugu, eta diru gehiago, beraz. Langileen bizimodua nabarmen hobetuko da, eta horregatik pozik gaude», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.