Proposamenaren puntu garrantzitsuenak hiru dira. Lehena, KPI erabiltzea nahi dute erreferentziatzat soldatak kalkulatzeko eta KPI adinako soldata igoera eskatuko dute hasiera batean. Horrekin, erosmen ahalmena mantentzea lortuko dute langileek sindikatuen esanetan. Bigarrena, derrigorrezko arbitraia baztertuko duten klausula gehitzea da. Hirugarrena, ultraaktibitatearen legezko gutxienekoa handitzea da. Ultraaktibitatearen iraungipen data uztailaren 7a bada ere, legeak epea luzatzearen aukera ematen du. Gutxieneko epea luzatzeko beharrezkoa dute negoziazioetan akordioa lortzea.
Proposamen bateratua, EAEko metaleko hitzarmenaren negoziazio mahai guztietan aurkeztuko dute aste honetan. Lurraldez-lurralde, lehena Araba izango da, bihar. Etzi, berriz, Bizkaiako eta Gipuzkoako negoziazio mahaietan aurkeztuko dutela aurreikusten dute. ELA sindikatuari patronalaren aurrean batasunez jokatzea eskatu diote. Instituzio publikoei ere egin diete dei, batik bat Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek inplikazio handiagoa eskatu diote Lakuaru, negoziazioak bultzatzeko. Patronalak proposamena baztertzen badu, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute, baita uztailaren 7tik aurrera ere. Izan ere, mobilizazioak eta aldarrikapenak aurrera doaz. Ostiralean LABek bere kabuz egingo du. Uztailaren 4an aldiz, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek batera emango dute erantzuna.