LAB, erreformen ondorio «are ikaragarriagoen zain»

Bildu eta PSE zerga politikan ados jartzea «beharrezkoa» ikusten du Etxaidek, baina ez du uste gertatuko denik

Iker Aranburu.
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Agintariak «egoera kontrolatzeko gai izan ez diren» uda baten ostean, «herritarrak pobretzea» ekarriko duen ikasturte baten hasiera ikusten du LABek. «Ikaragarriak iruditzen zaizkigu azken asteotan erabakitakoak. Eta are ikaragarriagoak izango dira neurri horien ondorioak. Enplegu galera areagotuko den eta eskubide sozialak murriztuko diren urte baten aurrean gaude», ziurtatu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak.

Etxaidek salatutakoen artean dago Espainiako Konstituzioaren erreforma, osasuna, hezkuntza eta beste gizarte politikak bigarren maila batean uztea «betikotuko» duelako. «Berdin dio nork hartzen duen gobernua, egiten duenak defizitari lehentasuna emateko agindu konstituzionala izango baitu». «Sinesgaitzat» jo du Konstituzioa aldatzeko bi astetan ados jartzea eta inolako akordiorik ez lortzea diru sarrerak handitzeko.

Hori dela eta, Etxaidek ez du gauza handirik espero Patxi Lopezek abian jarri duen zerga sistemaren erreformari buruz. «Orain hauteskunde garaian esaten duena egiteko aukera izan du, eta ez du egin». Hala ere, Etxaidek uste du «beharrezkoa eta posiblea» izan beharko lukeela PSEren eta Bilduren arteko ituna zergei buruz, «azken urteotan kapitalak zergak ez pagatzeko egiten den erreformaren kontrarreforma egiteko». Kontrakoa gertatuko delakoan dago, hots, EAJ eta PP «aldaketarik gabeko aldaketa egingo dutela, benetako eskakizunak indargabetzeko». Legea aldatu gabe ere, zerga iruzurraren alorrean egiteko asko dagoela ziurtatu du LABek.

Orain arte politika ekonomikoan hartu diren erabakiak «hautu politikoak» direnez, politika eredu berri baterako bidea hasteko exijitu dio Etxaidek klasepolitikoari, eta hori lortzeko bidea «presio soziala» dela ziurtatu du.

Etxaidek uste du herritarrei «sekulako iruzurra» egiten ari zaiela krisiarekin. «Uda osoa pasatu dugu ikusten finantza sistemak nola espekulatzen duen zor publikoarekin, gobernuek haiei emandako diruarekin». Eta horren atzean dagoena begiratu ordez, orain arte hartu diren erabakietan sakondu dute politikariek. «Politika neoliberalei politika ultra-neoliberalek jarraitu diete». Horren emaitza atzeraldia izango dela uste du LABek, eta «jada oso kaltetuta dagoen egoera batean are ondorio kaltegarriagoak hartuko diren erabakiak» hartuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.