LAB sindikatuko hainbat kide bildu dira gaur Donostiako Kontxa hondartzan. Hitzarmenen aldeko leloak zituzten pankarta bana zabaldu dute Kontxako badian dauden bi gabarroietan eta beste bat itsasertzean. Han egon diren kideek harresi bat irudikatu nahi izan dute, euren jarrerari eutsiko diotela erakutsi nahian.
Lurdes Erasok, sindikatuaren izenean, jakinarazi du patronalaren jarreraren aurka borrokan jarraituko dutela. "Langileen eskubideei eustea nahi dugu. Azken lan erreformak ez ditu langileak babesten. Borrokan arituko gara uztailaren 7ra bitarte, baita ondoren ere". Hitzarmena negoziatzen ari diren langileei eta uztailaren 7tik aurrera hitzarmenik gabeko egoeran egongo diren langile guztiei mobilizaziorako deia egin die. Hurrengo egunetan ere hainbat mobilizazio egingo ditu LABek.
Bihar bertan eguerdiko hamabietan Bilboko Arriagatik Confebask eta Jaurlaritzarainoko martxa bat egingo dutela adierazi du. Uztailaren 4rako, berriz, lau orduko lanuzteak eta mobilizazioak antolatu dituzte. Lanuzteak goizeko hamarretatik ordubietara izango dira. Lurraldeetako hiriburuetan, berriz, manifestazioak egingo dituzte goizean, herrialdeetako eta enpresetako hitzarmenen alde.