LABek amiantoaren arriskuez ohartarazteko kanpainari ekin dio

Amiantoak Euskal Herriko 6.000 eta 10.000 langile artean hil ditzakeela uste du sindikatuak

Erredakzioa
2009ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Amiantoa XX. mendean gehien erabili zen minerala izan zen, merkea zelako, eta milaka erabilpenetarako propietate egokiak zituelako. Gainera, nahiz eta mende hasieratik osasunerako kaltegarri zela jakin, bere erabilpena ez zen berandura arte debekatu. Espainian, adibidez, 2002. urtean galarazi zuten amiantoa erabiltzea.

Horrela bada, «ingurunean txertatuta dagoelako, sortzen dituen gaixotasunengatik eta gaiaren larritasuna dela medio», LAB sindikatuak amiantoaren inguruko kanpaina bat martxan jartzea erabaki du, haren arriskuez ohartarazteko, batez ere.

Ibon Zubiela LABeko Lan Osasuneko idazkariaren hitzetan, «amiantoak eragindako gaixotasunek 10 eta 50 urte artean behar dituzte agertzeko». Horrek esan nahi du gaixoen kopuru gorena 2020rako espero dela. Hala, Zubielaren esanetan, «datozen 20 urteetan amiantoaren eraginez 6.000 eta 10.000 pertsona artean hil daitezke Euskal Herrian».

Hilketa horien erantzuleak eta konplizeak zeintzuk diren ere aipatu du Zubielak: «Gaixotasun hauen erantzulea patronala da, gutxieneko prebentzio neurriak ez betetzeagatik; eta konplizea Estatua, bere pasibitateagatik». Gainera, «gaixotasunen jatorri profesionala ukatzeko lanetan» haiekin elkarlanean aritzea leporatu die aseguru etxeei eta Gizarte Segurantzari .

Abian jarri duten kanpainaren helburuak zeintzuk diren ere azaldu du LABeko Lan Osasunerako idazkariak. Hiru eskaera egingo dituzte: batetik, amiantoaren eraginpean langile berririk ez jartzeko; bestetik, mineralarekin kontaktuan izan diren pertsonak identifikatu, eta behar izanez gero kalte-ordainak emateko; eta azkenik, esperientziatik ikasiz,amiantoaren ordez erabiliko diren materialen kutsakortasuna ondo aztertzeko.

Hiru helburu nagusi horiek lortzeko abian jarriko dituzten ekimenen berri LABeko Lan Osasuneko idazkaritzako kide Iker Espolosinek eman du. «Arazo hau gizarteratzeko beharrezko ekimenak bultzatuko ditugu, mobilizazioak eginez, udaletxeetan mozioak aurkeztuz...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.