LABek ez du ikusten Arcelor Mittalek aurkeztu duen erregulazio horren beharrik, eta salatu du zuzendaritzak ez duela inoiz egiaztatu COVID-19agatik enpresaren egoeran okertu dela. «Hau ez dugu guk bakarrik esaten: sindikatu guztiek publikoki salatu dugu».
LABek ziurtatu du Euskal Herriko «lantoki eta langile guztiei» eragingo diela neurriak, nahiz eta duela gutxi enpresak jakinarazi ez zela hala izango.
Horrekin batera, ohartarazi du Arcelor Mittalek «11 urte jarraian» daramala aldi baterako erregulazioak ezartzen eta «iruzur» egiten, «gaur egun indargabetuta dagoen legedi bati esker». Hori baliatuz, Euskal Herrian dituen lanpostuen erdiak kendu dituela azpimarratu du.
Sindikatuak gogoratu ditu Arcelor Mittalek «etekin handiak» izan dituela azken urteetan, eta «hedatzen» ari dela Italiako Ileva taldeak eta Indiako Essar Steelek erosi zutenetik.
LABek salatu du Espainiako komunikabideen bidez ezagutu dituela aldi baterako erregulazioen edukiak, euskal esparruko «negoziazio batzordea alde batera utzita». Jokaera hori ez dela berria gogoratu du.
«[Espainiako] Estatuko esparrua erabiltzen du [sindikatuen] indar korrelazioa aldatzeko eta euskal langileen ziurgabetasuna areagotzen duten erabakiak prekarizatu eta inposatzeko». «Euskal lantegiak beti dira trukerako txanponak, eta euskal langileak dira sakrifikatuak», gaineratu du.