LABek dio aurrekontuak murriztea erabaki politikoa dela eta ez ekonomikoa

Zergetako hamar eurotik sei langileek ordaintzen dituzte; soldatak, berriz, ez dira BPGaren erdia ere

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aurrekontuetarako dirurik ez dagoela esatea «gezurretan aritzea» eta langileei «adarra jotzea» dela salatu zuen atzo LABek. Administrazioen arazoa gastua ez dela azaldu zuten Arantza Sarasola eta Txomin Lorca sindikatuko zerbitzu publikoetako arduradunek. Aitzitik, zergak «aberatsen mesederako» jaitsi izanaren ondorioz gastu soziala murrizten ari direla ohartarazi zuten, eta hori, erabaki ekonomikoa ez, «erabaki politikoa» dela ziurtatu zuten.

Zerga politikari buruz, Hegoaldeko gobernuei «aberatsenengandik biltzeko ausardia falta» egotzi zien Sarasolak, eta, horren ondorioz, zerbitzu publikoak gero eta «kaskarragoak» direla esan zuen. Zerbitzu horien «unibertsaltasuna» bermatu beharrean, urteotan «irizpide ekonomikoak lehenetsi» dituztela gaitzetsi zuen, gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzen dituztela.

Horren harira, enpresa pribatuen esku utzitako zerbitzu publikoetako langile askok «lan baldintza eskasak eta soldata txikiak» dituztela gogorarazi zuen.

Europako gastu soziala

Hego Euskal Herriko zerga presioa Europako Batasunekoarekin alderatu zuen LABek atzoko agerraldian, eta azken hiru urteetan, 2005etik 2007ra, Europako zerga mailarekin Hegoaldean bildutakoa baino 23.600 milioi euro gehiago leudekeela esan zuen Lorcak, «gizarte zerbitzuetan, babes sozialean eta osasungintzan Europako herrialdeen mailan egoteko beste».

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren gastu soziala, alabaina, Europako herrialdeen batez bestekoaren azpitik dagoela esan zuten: BPGarekiko %2 txikiagoa da osasungintzan; %7, babes sozialean; %2,5, zerbitzu sozialetan; eta %1,75, txikiagoa hezkuntzan.

Europarekiko aldea gainditzeko zerga politika aldatzeko eskatu zien Lorcak Hegoaldeko erakundeei, «langileak estutzea errazagoa suertatzen zaiela ematen duen arren». Izan ere, Hego Euskal Herrian zergetan bildutako hamar eurotik 6,2 langileek ordaindutakoa dela eta, aldi berean, BPGarekiko lan errentak %48 besterik ez direla azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.