Gutxieneko soldata propioa eskatzeko greba orokorraren ondoren, eskakizun horren borroka «beste fase batean» sartu dela uste du LAB sindikatuak, eta aldarria negoziazio kolektibora eramango duela iragarri du gaur Bilbon.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak azaldu du sektoreko hitzarmenetako negoziazioetan zer «helburu argi» defendituko duten: lan eremuak 1.500 eurotik beherako soldatetatik libre uztea. Aranbururen ustez, «ez sektoreetan, ez enpresetan, ezta azpikontratetan ere, ezin dira onartu pobrezia eta prekaritatea betikotzen dituzten soldatak; eta LABek ez ditu onartuko».
LABeko koordinatzaile nagusiak aitortu du jakina dela negoziazio kolektiboaren bidez ez dagoela langile guztietara iristerik, baina, Aranbururen ustez, «funtsezkoa da LAB dagoen sektore eta enpresetan borroka hau lehentasunez lantzea». Enpresetan eta sektoreko itunetan 1.500 euroko gutxieneko soldatak ezartzeak «indartu egingo duelako sektore arteko akordio zabalago baterako bidea».
«Patronalek prekaritatearen aldeko jarrerari eusten diote, baina horrek ez du eztabaida eta gatazka geldiaraziko»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Oihana Lopetegi LABeko Negoziazio Kolektiboko arduradunak gaineratu du greba orokorraren ostean zenbait hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatzea lortu dela, besteak besteak, arte grafikoetan eta itsaskien handizkako merkataritzan Gipuzkoan, eta Nafarroako optiken merkataritzan. Lopetegiren arabera, «gaur egun, LABek gehiengoa duen hitzarmenetan helburu hori betetzear du; ia ez dago langa horretatik beherako soldatarik».
Datozen hitzarmenak
Sindikatuak gehiengorik ez duen hitzarmenetan ere nahi du helburu hori lortu, eta, horretarako, «borroka eta mobilizazio dinamikak» bultzatuko ditu. Lopetegik, zehazki, honako hitzarmen hauek aitatu ditu: garbiketako negoziazio kolektiboa Bizkaian; metalgintzako eta enplegu zentro berezietako itunak Araban; eta nekazaritza eta abeltzaintza Nafarroan.
LABen ustez, «bertako errealitatera egokitutako» lanbide arteko gutxieneko soldataren zabalkundeak hainbat onura ekarriko lituzke. «Mugatu egingo luke soldaten debaluazioa, lagundu egingo luke arrakala matxistak eta arrazistak murrizten, aberastasunaren banaketa bidezkoari bide emango lioke, eta mesede egingo lioke garapen ekonomikoari».
Kritikak patronalei
Sindikatuak EAJri, PSE-EEri eta PSNri kargu hartu die «blokeatu egin nahi izan dutelako Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko behar diren eskumenak izateko aukera». Hala ere, arlo politikoan «eztabaida ez dago itxita», LABen ustez, «EH Bilduk, ERCk eta BNGk konpromisoa hartu dutelako lege aldaketa sustatzeko» Madrilen.
Patronalen jarrera ere gaitzetsi du Aranburuk. Haren ustez, Confebaskek eta CENek uko egin diote beren erantzukizunari, eta ez dute borondaterik sektore arteko akordio bat negoziatzeko. «Patronalek prekaritatearen aldeko jarrerari eusten diote, baina horrek ez du eztabaida eta gatazka geldiaraziko», esan du LABek.