Ezetz esan dio LABek azaroaren 14an CCOOk eta UGTk deitutako greba orokorrarekin bat egiteari. Ez du zalantzan jartzen mobilizazio gehiago behar direla, arrazoiak «soberan» daude, baina egoerari buelta emateko premiazkoak ikusten ditu akordio sindikal eta sozialak, «orain artekoak baino askoz sendoagoak».
2013ko aurrekontuak inoizko erasorik «latzena» direla salatu zuen atzo LABek ohar baten bidez, eta ohartarazi zuen erasook oraindik ez direla amaitu. «Bide horretan gaurko egoerak ez du irtenbiderik». Hala ere, ziur dago alternatiba badagoela, eta Euskal Herrianbadaudela behar adina baliabide.
CNTk, berriz, greba orokor deialdiari babesa agertu zion atzo. Sindikatuaren arabera, erantzun «sendo bat» merezi du egoera ekonomikoak, eta grebarekin langileen «duintasuna eta harrotasuna berreskuratu» nahi dute. ESK-k ere mobilizatzera deitu du egun horretan, bere kasa, eta, hala, CES Europako Sindikatuen Konfederazioak deitutako protesta egunera batu da. ELAk oraindik ez du argitu mobilizatzera deituko duen edo ez —CESeko kidea da—; EILASek eta Hiru, aldiz, ez dira kalera aterako azaroaren 14an. Hala, hautsi egin da irailaren 26ko lanuzte orokorrean izandako adostasuna —ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNTk antolatu zuten—.
CCOOk eta UGTk, beste hainbat sindikatu eta 150 gizarte erakunderekin batera, deialdia erregistratu zuten atzo Madrilen, Lan Ministerioan. Bihar goizean Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan aurkeztuko dute Euskadiko CCOOk, UGT-Euskadik eta USOk.
Unai Sordok, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak, «krisiak eragindako guztiei» kalera irteteko eskatu die: «Lanuzte handi bat egin behar dugu, erakusteko bestelako politika bat posible dela». Sordok gaitzetsi egin du deialdia babestu ez duten sindikatuen jarrera, are gehiago kontuan hartuta manifestazioak Europako hainbat herrialdetan izango direla.
Portugal izan zen azaroaren 14rako greba orokorra iragartzen lehena. CGTP sindikatuak deitu du, pobretzearen aurka eta langileen interesak babesteko. Grezian ere egun horretara begira jarrita daude, baina horren aurretik 48 orduko beste greba bat iragarri dute hurrengo astearte eta asteazkenerako. Hala baieztatu zuen atzo GSEE sindikatuak —sektore pribatuko 1,5 milioi langile biltzen ditu—. Zipren eta Maltan ere greba egitekoak dira.
Grebarik ez, baina bai mobilizaziorako eguna. Hori izan da Alemaniak, Frantziak, Belgikak eta Italiak egin duten hautua. Italian, esaterako, lau orduko lanuztea iragarri du CGIL sindikatuak, «lanaren alde eta austeritatearen aurka».
LABek ez du babestu azaroaren 14ko greba orokorrerako deialdia
Mobilizatzeko arrazoiak badaudela uste du, baina sindikatuen arteko akordio «sendoagoak» premiazkoak direla iritzi dioCNTk bat egin du deialdiarekin, eta ELAk oraindik ez du argitu zer egingo duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu