LAN HARREMANAK

LABek ez du parte hartuko Orpricce erakunde berrian

Lan erreformaren ondorio da organo hori, eta lan itunak ez betetzeko aukerei buruz erabaki beharko du. Aurki eratuko dute.

Iker Aranburu.
2014ko otsailaren 4a
15:45
Entzun

Hankamotz jaioko da hurrengo asteotan lan hitzarmenak ez betetzea zilegi ote den erabaki duen behar duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako organoa. LABek jakinarazi du ez duela Orpricce izeneko erakundean parte hartuko, bere ustez, patronalaren alde lerratuta dagoelako.

Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan onartu zuen Orpricceren sorrera, eta aurki hasiko da lanean, Lan Harremanen Kontseiluaren barruan. 2012ko lan erreformaren ondorio bat da organu hori, Printzipioz hamasei kide izan beharko lituzke: bata, lehendakaria, Tomas Arrieta LHK-ko presidentea edo hark erabakitako beste bat. Bosna kide izango dituzte Jaurlaritzak berak, sindikatuek eta patronalek. Azken bi talde horietan ordezkaritzaren arabera banatuko dituzte aulkiak eta, hortaz, LABi kide bat dagokio.

Sindikatu abertzaleak, baina, dagoeneko ohartarazi du ez duela inor izendatuko Orpriccerako, kasuen %99tan nahitaezko arbitratzea ekarriko duelako, eta LAB horren aurka dago lan gatazkak konpontzeko. Garbiñe Aranburu  LABeko negoziazio kolektiboko arduradunak azaldu duenez, Orpricceko barne araudiek diote nahikoa dela hiru parteetako baten botoa organua baliogabetu eta derrigorrezko arbitratzea eragiteko. «Horrek patronalaren aldeko desoreka dakar», ziurtatu du Aranburuk. Haserre azaldu da Jaurlaritzarekin, «derrigorrezko arbitratzearen bidez oparitu egin diolako patronalari lan hitzarmenak ez betetzeko eta soldatak jaisteko aukera».

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak dei egin die beste sindikatuei inor ez izendatzeko Orpriccerako. Alternatiba gisa lan harremanen euskal esparrua proposatu du, hau da, lan merkatuari buruzko araudia hemengo sindikatuek eta alderdiek hitzartzea, eta ondoren patronalari aurkeztea.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.