LABek herri galdeketak eskatu dizkie Jaurlaritzari eta Nafarroari

Euskadiko CCOOk hauteskunde aurreko testuinguruan jarri du erakundeek emandako erantzuna

Maite Alustiza.
Donostia
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren neurrien aurkako «matxinada soziala» aldarrikatzeko agerraldiak egin ditu LAB sindikatuak lehenik, elkarretaratze zaratatsuak gero, eta, bien artean, eskaera argi bat egin die Ainhoa Etxaidek Hego Euskal Herriko gobernuei: «Herri galdeketak egin ditzatela eskatzen diegu, erakundeek hartu behar duten bideari buruz erabakitzeko». Atzo goizean Donostian egindako agerraldian, LABeko idazkari nagusiak esan du herritarrek bi aukeraren artean erabaki beharko luketela galdeketa horietan: Espainiaren menpe egotearen edo Euskal Herriak bere bide propioa egitearen artean. Alderdi politikoei «goi mailako erabaki politikoak» hartzeko deia egin die LABek.

Espainiako Gobernuak hartu berri dituen neurriak ez dira soilik egoerari lotutakoak, Etxaideren ustetan. «Estatu erreforma baten aurrean gaude; estatua aldatzen ari dira». LABek uste du gobernuek ekonomiaren gaineko kontrola galdu dutela eta elite ekonomikoaren zerbitzuan daudela. «Guretzat infernua, espekulatzaileentzat paradisua. Helburu bakarra sektore publikoa txikitzea da».

Horrekin batera, Etxaidek salatu du ez dagoela aukerarik «benetako politika propioak» egiteko, «Autonomien Estatua errespetatzen ez delako eta erreformak estatutu guztien gainetik egiten direlako». Etxaidek «oso larritzat» jo du egungo egoera, eta salatu du Espainiako Gobernuak Greziaren bidea hautatu duela, «biderik okerrena». Egoera horren aurka, herritarrei kalera irteteko deia egin die, «alternatiba erreal bat» aldarrikatzeko.

Hiru dira, LABen ustetan, irtenbiderako pausoak: Madrilen neurriak ez aplikatzea; Jaurlaritzak eta Nafarroak atzera botatzea aurrekontu publikoetan hartutako neurriak; eta plan politiko eta instituzional berri bat abiatzea. Plan hori lau zutabetan oinarrituko litzateke: zerga justizian, enpresen zerga iruzurraren aurka egiteko; zerbitzu publikoen sistema indartzean, gastu sozialak handitu eta oinarrizko zerbitzuak guztientzat ziurtatzeko; euskal finantza sistema publikoa eratzean, kreditua eta aurrezkia sozializatzeko; eta bizi-baldintza duinak bermatzean, kalitatezko enplegua sortzeko eta oinarrizko errenta ziurtatzeko.

CCOO, zerga politikari so

Euskadiko CCOO sindikatuak uste du erakundeek emandako erantzuna «aurreikus» zitekeela, eta «hauteskundeen aurreko» testuinguruan jarri du. Unai Sordo idazkari nagusiak azaldu du ez duela sinetsiko Jaurlaritzaren eta aldundien neurrien aurkako «itxurazko erradikaltasuna», aldi berean ez badute zerga politika aztertzen. «Hau ez da adierazpen hanpatsuekin egiten, eskumenez baliatuz eta neurriak hartuz baizik».

Raxoiren gobernuaren neurriek krisia «areagotu» egingo dutela iritzi dio Sordok, eta berriz ere ohartarazi du gobernuak bere politika aldatzen ez badu «behartutako geldialdi bat» egin beharko dutela: greba orokorra. Sindikatuak egoera ekonomikoaren inguruko txosten bat aurkeztu zuen atzo Bilbon. Sindikatuaren arabera, «Euskadi atzeraldi sakonean» dago; aurreikuspenak, gainera, ez dira onak, «austeritate zikloa amaitzen ez bada», behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.