Sindikatuak

LABek langileen osasunaren aldeko neurriak eskatuko ditu Osalanen eta NOPLOIn

Sindikatuak adierazi duenez, beharrezkoa da esparru guztietan «lehiatzea». Besteak beste, ikuskari gehiago jartzeko eskatuko dute, eta laneko gaixotasunen erregistroa sortzeko.

Inko Iriartek eta Igor Arroyok agerraldia egin dute gaur LABek Bilbon duen egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 19a
14:43
Entzun

Iaz Baionan egindako X. Biltzar Nagusian erabaki zuen LAB sindikatuak Osalanen administrazio kontseiluan sartzea; eta halaxe egingo du: Osalanek hilaren 29an egingo du bilera, eta LAB han izango da. 2010ean atera zen administrazio kontseilutik, ELA sindikatuarekin batera. Ordutik agintariak «oso eroso» egon direla adierazi du gaur goizean Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, ez baitute inolako oposiziorik izan. Salatu duenez, egungo politika publikoak «langileen bizkar» egiten dira. Horregatik, LABek langileen osasunaren aldeko neurri zehatzak eskatuko ditu bi erakundeetan.

«Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egiten diren politika publikoetan, langileen beharrak, bizitzak eta hitza ez daude erdigunean», kritikatu du Arroyok. Haren arabera, langileek esparru guztietan eragiteko gaitasuna dute, eta lantokietan eta kalean egin bezala, esparru instituzionalean ere borrokatu behar dute. «Argi eta garbi daukagu esparru instituzionalean ez dela aldaketarik etorriko borrokarik gabe; baina hori bezain argi daukagu esparru guztietan lehiatu behar dugula». Erakundeetan egun dagoen erosotasunari aurre egiteko, Arroyok azpimarratu du «LABen interbentzio lerroa eta oposizioa» egongo direla aurrerantzean.

Era berean, Arroyok salatu du patronalak prebentzio legea ez betetzeko borondatea erakutsi duela; instituzioen «axolagabekeriaren» laguntzarekin. «Kapitalaren mesedetan, prebentzio neurriak murrizten dira, eta lan baldintzak okertu». Dioenez, «lan istripuak» dira horren adibiderik garbiena. Hala ere, Arroyok gogoratu du lan istripu horien atzean dagoen fenomenoa «askoz handiagoa» dela: «Laneko gaixotasunek ere osasuna galtzea eragiten dute, eta heriotza». Hori horrela, LABek prebentzio neurriak hartzearen aldeko presio dinamika bat aktibatuko du, «langileen bizitza babesteko neurriak har daitezen».

LAB sindikatuaren arabera, Osalanen eta NOPLOIren izaera aldatu behar da. «Orain arte bezala aholkularitza entitate izateari utzi, eta babes sozialerako, ikuskatzerako eta prebentziorako sistema publiko eta propioa eraikitzeko tresna izan behar dute», zehaztu du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak. Horrekin batera, «transferentzia osoa» eskuratzea defendatu du; alegia, lan ikuskaritza, Osalan eta NOPLOIrekin batera, egitura bakar bilakatzea.

Beste aldarrikapen batzuk

Iriartek esan du bi erakundeetako teknikariek «ahalmen exekutiboa» izan behar dutela, prebentzio legearen urraketak antzemateko eta zigortu ahal izateko. Eta beste hainbatetan bezala, ikuskarien kopurua «esponentzialki» handitzea exijitu du. Haren arabera, gainera, ikuskatze lana bereziki indartu behar da sektore batzuetan; hala nola basogintzan eta eraikuntzan. «Azpimarra jarri nahiko nuke sektore feminizatuetan; horietan, izugarri hedatzen ari dira gaixotasun psikologikoak, baita muskulu eskeletikoei eragiten dietenak ere», gehitu du.

Mutualitateen eta prebentzio zerbitzuen jardunbide txarrak kontrolatu nahi dituzte, eta laneko gaixotasunen erregistro bat sortu. Bestetik, sindikatuak konpromisoa eskatuko du, hildakoak eragin dituzten edota larriak izan diren lan istripuetan NOPLOIk eta Osalanek informazio guztia fiskaltzaren esku utz dezaten baldin eta prebentzio neurririk ez zegoela ebatziko balitz, gaia penalki aztertu ahal izateko. Eta, logika horren barruan, beste aldarrikapen bat egin du Iriartek: «Osalanen parte hartzeagatik jasoko dugun diruarekin funts bat sortuko dugu, eta lan istripuen eta laneko gaixotasunen ondoriozko prozedura penalak indartzeko erabili».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.