LAB sindikatuak Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria lelopean deitu ditu maiatzaren 1erako bere manifestazioak. Momentuz 26 deitu Hego Euskal Herrian, bana eskualde hiriburu bakoitzean. Ipar Euskal Herrian, aldiz, bakarra deitu du; Baionan, «bat eginda» agertzeko asmoz. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbokoan parte hartuko du, eta bertako itsasadarren aurkeztu ditu mobilizazioak, ‘ La Carola’ garabi historikoaren itzalpean.
Aranburu azaldu du mobilizazio hauekin sindikatuak «norabide aldaketa» bat eskatu nahi duela. Politika sozial eta ekonomikoetan eman beharreko aldaketa da, eta indar sindikala da hura behartzeko bideetako bat. Etorkizunera begira ere jarria da LAB, eta Maiatzaren 1ak «postpandemia egoeran indarrez sartzeko» balio behar duela nabarmendu du. Izan ere, aurreratu duenez, «greba eta mobilizazio gehiago etorriko dira”.
Sindikatuak, halaber, egun borrokan ari diren langile ugariei «aitortza» egingo die Maiatzaren 1ean. Zentzu horretan bi mezu bidali ditu: bata erakundeei, langileei bizkarra eman dietela leporatuz; eta bestea patronalari, ez dietela nahi bezala jarduten utziko: «Patronalari esaten diogu legeak baimenduriko kaleratzeak ematen ari den arren, hemen ezingo duela lan erreforma hori aplikatu. Borroka ez da bukatzen erregulazioaren negoziazio epean edo epaitegietako bidea amaitzean».