Sindikatuak

LABek ordezkari gehien duten sindikatuetan bigarrena izan nahi du ekainerako

‘Zurekin bagara’ lelopean ekingo dio hauteskunde sindikalen epe trinkoari, gorako joerari eutsi eta CCOO pasatzeko asmoz

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusia Bilbon emaniko hitzaldian. MONIKA DEL VALLE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 28a
13:08
Entzun

LAB sindikatuak «inoiz baino indartsuago» ekingo dio hauteskunde sindikaletako epe trinkoari. Igor Arroyo idazkari nagusiak nabarmendu du azken bost urteetan %12 handitu dela LABen afiliazioa, eta gihar berri horrekin joko du hauteskundeetara, lelo honekin: Zurekin bagara. Egiteko beste modu bat. Euskal Herrian ordezkari gehien duten sindikatuetan bigarrena izatea da LABek bere buruari jarri dion helburua, eta aurrenekoa izatea eragin ahalmenean. «Garrantzitsua da hori, feminismoaren eta arrazakeriaren aurkako borroketan bidea urratu dugunean beste sindikatu batzuk gure gurpilera etorri direlako», azaldu du.

Urrian hasiko da hauteskunde sindikaletako epe trinko delakoa. Bederatzi hilabeteko tarte batean, Hego Euskal Herriko ordezkari sindikalen %47 aukeratuko dira, tartean lantoki publiko eta pribatu handi askotakoak. LABek gaur egun 4.685 ordezkari ditu Hego Euskal Herrian, guztien %19,08, eta bigarrena izateko, CCOO pasatu beharko luke. CCOOk 4.925 ordezkari ditu, %20,06. Eta helburu hori posible al da? Joera ikusita, bai, baina, horretarako, azken urteetako gorako bideari eutsi beharko lioke. 2014an, LABek ordezkarien %17,13 zituen, 2018an %18,35, eta azken hiru urteetan gora egin du. CCOOk, berriz, 2014an %20,66eko ordezkaritza zuen, eta 2018an, %19,99koa.

Hirurehun ordezkariren aurrean Bilbon emaniko hitzaldi batean azaldu ditu helburuak Arroyok. LABen izena ematea «ahalduntze prozesu» moduan deskribatu du, eta esan du prozesu horretan sindikatua ez dela helburua, «tresna baizik». LABek sindikalismo eredu berri bat proposatzen duela nabarmendu du, «sakoneko aldaketak» lortu nahi dituena egoera zailetan. Alde horretatik, ardura plazaratu du patronalaren jarrerarengatik, eta «klasista» eta «matxista» izatea leporatu dio bereziki emakumeak nagusi diren sektoreetako lan itunak negoziatzeko garaian duen jarrerarengatik.

Beste sindikatuak ere kritikatu ditu. UGT eta CCOOri, besteak beste, euskal negoziazio esparru propioa ukatzea, erretiroa 67 urtera atzeratzea onartzea, eta batzuetan patronalaren eskutik joatea leporatu die. Hala ere, zehaztu du hainbat borrokatan bidelagun dituztela, eta ongi etorriak direla «LABen eredura gehitzen direnean». ELAri, berriz, egotzi dio erakundeen interesak lehenestea «langileen interesen aurretik». «Paperezko tigrea» dela esan du, «lokatzezko oinak dituen erraldoia», eta haren eredua ez dela oso eraginkorra, grebak egin bai baina ez dituztelako prestatzen.

Jaurlaritza ere hartu du hizpide Arroyok, eta beti patronalaren alde egiten duela esan du. Gaur egungo egoera ekonomikoa hamarkada askoko erabakien ondorio dela salatu du, eta «harria bota ondoren eskua ezkutatzea» egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Lan hori arlo publikotik zein pribatutik egiten dela adierazi du. «Zer da, bada, Josu Jon Imaz Petronorreko buru izatea? Ate birakarien eraginaren eredua da».

LABen afiliatuen pizgarria «ilusioa” dela goratu du, eta azaldu du ordezkariek ez dutela emaitzen araberako dirusaririk. Gai berean, nabarmendu du uztailetik hona LABek sektore mailako zortzi lan itun on lortu dituela, eta iragan astean hiru «garaipen” lortu zituela: Arabako metalgintzako lan itun berria, Arrasateko lorezainena, eta BM Shopeko erregulazio txostena bertan behera gelditu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.