«Lan hitzarmena ez betetzea eguneroko ogia da eraikuntzan». Horixe salatu du gaur LAB sindikatuak; hainbat obratara bisitak egin dituzte sindikatuko kideek, eta Gipuzkoako lau obra salatu dituzte Lan Ikuskaritzan, herrialdeko ituna betetzen ez dutela egotzita.
Obra horietako bi publikoak dira. Bat abiadura handiko trenaren Arrasate, Elorrio eta Bergara arteko tartea da; han, LABen arabera, langileek zortzi orduko jardunaldiak fitxatzen dituzten arren, egunean 11 ordu egiten dituzte astelehenetik ostiralera. Hori dokumentuen faltsutzearen delitu bat ere izan daitekeela adierazi du sindikatuak.
Salatutako beste obra publikoa Gipuzkoako Ogasuneko eraikinaren fatxadaren berritzea da. Lan hori egiteko, Arabako enpresa bat kontratatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak (Indenort SL), eta hark, aldi berean, Bizkaiko bat azpikontratatu zuen (Euskogres SL). Azken horrek, ordea, beharginei Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena aplikatzen diela gaitzetsi du LABek.
Sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu ditu Igarako (Donostia) zahar etxe baten eraikuntza eta Astigarragako etxebizitza batzuena ere. Kasu horietan, azpikontratatutako enpresek Burgosko (Espainia) eta Madrilgo hitzarmenak aplikatzen dituzte.
Azpikontratazioa
Lan ituna ez errespetatzeak berekin dakar «langileek jaso beharreko gutxieneko soldata ez errespetatzea», eta LABek lau salaketek duten elementu komunari egotzi dio hori: kostuak merkatzeko azpikontratatzeari.
Sindikatuak erakunde publikoak egin ditu hitzarmena ez betetzearen erantzule; salatutako kasuetan, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Igandean hauteskundeak direla eta, arau hausteei aurrea hartzeko «benetako neurriak» eskatu dizkie alderdi politikoei.