Elbarritasuna aitzakiatzat hartuta, mutualitateek ez dizkiete lan istripuak aitortzen Gureak enpresako langileei. LAB sindikatuak hori salatu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bi eskaera egin ditu: egoera konpontzeko eskatu dio aldundiari, eta kontingentzia guztien jarraipena bere gain hartzeko Gizarte Segurantzari, lanekoak izan zein ez.
Sindikatuko zenbait kidek protesta egin dute Batzar Nagusien egoitzaren kanpoaldean, eta bi ordezkarik agerraldia egin dute batzarkideen aurrean. Azaldu dute «aspaldikoak» direla mutualitateekin dituzten arazoak, baina azkenaldian okerrera egin duela haien jarrerak. Agerraldiaren helburua hori azaleratzea izan da, baina baita «langileak jasaten ari diren diskriminazioa amaitzea eta konponbideak eskatzea ere».
LABen iritziz, enpresak ardura zuzena du langileek bizi duten egoeran, «eta ez txikia»: «Enpresaren eta mutualitateen jarduerak kalte egiten die langileei, diskriminatu egiten ditu, eta prekaritatera kondenatu. Aniztasun funtzionala duten langileek ere izaten dituzte lan istripuak, nahiz eta batzuen iritziz hala ez izan. Praktika horiek sekulako ondorioak ditu haien bizitzan».
Sindikatuak kontatu duenez, konponbideak topatzen saiatu da bai mutualitateekin bai enpresarekin hitz eginez, eta laneko ezbeharrak hala direla onartzeko eskatu die, baina ez du ezer lortu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin ere elkartu ziren egoeraren berri emateko, eta gaurko agerraldia eginda «lehen lerrora» eraman nahi izan dute desgaitasunen bat duten langileen aldarrikapena.
Ez du egokitzat jo
Gureak-ek BERRIAri adierazi dionez, Mutualia da kontratatuta duen enpresa, eta, oro har, ondo baloratzen ditu haren zerbitzuak. Enpresak azaldu du mutualitatera bideratutako kasuen %5etan eman dutela desadostasunen berri langileek, zuzeneko komunikazioa dagoela prebentzio zerbitzuaren eta enpresa batzordearen artean, eta, kasuen jarraipena egiteko, astero ari direla biltzen prebentzio saila eta Mutualia.
Laneko kontingentziak Gizarte Segurantzak kudeatzeko LABen eskariari buruz, berriz, Gureak-ek esan du oraingoz ez dela bideragarria eta ez duela egokitzat jotzen: «Lurraldeko enpresei egindako kontsultetan horietako batek ere ez du aldaketa hori planteatu».
lan hitzarmena negoziatzeko laugarren bilera egingo dute bihar
Enplegurako zentro berezietarako itun propioa lortzeko ahaleginetan dabiltza sindikatuak azken hilabeteetan, eta aurrerapausoak ematea nahi dute. Euskal Autonomia Erkidegoko langileek Espainiako lan hitzarmena dute oinarri orain, eta, lortuko balute, hitzarmen propio bat izango lukete lehenbizikoz. Mahai negoziatzailea laugarren aldiz elkartuko da bihar, Bilbon, eta ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek elkarretaratzera deitu dute, patronalak orain arte izandako jarrera salatzeko.
Orain arteko bileretara Berezilan patronala eta FEACEM elkartea azaldu dira; azken horretako kide da ELHABE, Gureak, Lantegi Batuak eta beste bost talde biltzen dituen patronala. Azken bilera, hirugarrena, apirilaren 28an izan zen, eta orduan ere egin zuten protesta sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean.
Enplegu zentro berezietan 13.000 lagunek lan egiten dute. Gehienek elbarritasun bat dute, eta zentro horiek dira lanean aritzeko aukera bakanak.