LABek uste du bankuen interesek jartzen dutela arriskuan pentsio sistema

Pentsio publikoak bermatzeko eskatzeko manifestazioa egin dute sindikatuko kideek Donostian

Miren Garate.
Donostia
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aurrez Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egin bezala, «pentsio duinak» eskatu zituen LABek atzo Donostian. Bulebarretik hasi eta PSE-EEren egoitzaraino manifestazioa egin zuten hirurehun pertsona inguruk. Tartean, Banco Guipuzcoanoren aurrean geratu ziren. «Ez gaituzue engainatuko, badakigu pentsio sistema publikoa mehatxupean dagoela bankuen interesengatik», esan zuen Arantxa Sarasola sindikatuko batzorde eragile kideak. Hala, pentsio funts pribatuei zerga laguntzak kentzeko eskatu zuen.

LABek emandako datuen arabera, Euskal Herrian 655.746 pentsiodun daude, herritarren %22 inguru. Horien erdiak pobrezian bizi direla dio, «jasotzen duten pentsioa miseria delako». Ez da falta dirurik, lapurrak daude sobera eta antzeko oihuak egin zituzten ibilbidean zehar.

Sarasolaren arabera, gezurra da dirua falta dela. «Azken urteotan inoiz baino aberastasun gehiago sortu da; kontua da gutxi batzuen esku bakarrik geratu dela», esan zuen. Sistema publikoa bideragarria dela gaineratu eta Espainiako Gobernuak proposatutako lan erreforma ere gaitzetsi zuen.

Haren esanetan, pentsio duinak bermatzeko modu bakarra Euskal Gizarte Segurantza sistema osatzea da. Manifestazioa ez ezik, egun osoko kanpaldia egin zuten pentsiodunek Banco Guipuzcoanoren aurrean. Pentsioen aldeko hurrengo protesta Baionan egingo du LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.