Finantzak

Laboral Kutxak 109 milioi irabazi ditu 2023ko lehen erdian

Interes tasa handiagoen bidez, ia %69 handitu ditu mozkinak.

Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. LABORAL KUTXA
Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 27a
11:31
Entzun

Interes tasen igoera bizkorrak maileguak dituzten herritarren eta enpresen patrikak astindu ditu, baina berri ona da mailegu horren beste aldean daudenentzat: finantza erakundeentzat. Laboral Kutxak, esaterako, %68,8 handitu du aurten 2022ko lehen erdiko irabazi garbia: 65 milioi izan ziren iaz, eta 109,7 milioi euro aurten.

Laboral Kutxak igoera ikusgarria izan du interesen marjina bikoiztu egin baita azken urtean, 248,2 milioi euroraino. Hori da bankuen negozio tradizionala: aurrezleen aurrezkia biltzea interes baten truke, eta interes handiagoa kobratuz maileguak ematea herritarrei eta enpresei. Negozio hori zailagoa da interes tasak zeron daudenean, baina nabarmen errazagoa orain bezala %4an daudenean.

Edonola ere, Laboral Kutxak azaldu du den-dena ez dela interes tasa handiagoen ondorioa. «Beste faktore batek ere lagundu du emaitza hori lortzen: jardueraren hazkunde nabarmenak, bai etxebizitzak bai tamaina handiagoko enpresak finantzatzekoak». Izan ere, Mondragon taldeko kreditu kooperatibak jarduera ekonomikoaren suspertzea ikusi du urtearen hasieran, eta iazko arazo batzuk —hornidura kateen arazoak eta energia oso garestia— apaltzen ari direla. «Nolabaiteko sendotasuna atzematen zaio ekonomiari, batez ere zerbitzuen sektorean. Beste adierazle batzuk ere positiboak dira, hala nola enpleguaren bilakaera eta konfiantza indizeak».

Horrela, Laboral Kutxak orotara emandako maileguak 15.476,5 milioi eurorenak ziren ekainaren amaieran, sei hilabete lehenago baino %1,82 lehenago. Interes tasa handien ondorioz herritar asko beren maileguak amortizatzeko ahalegin handia egiten ari diren arren, etxebizitzak erosteko maileguen saldoa %1 handitu da. Kontsumorako maileguena, berriz, %5,4 handitu da. Neurri horretan handitu da enpresei emandako kreditua, %5,2 hain zuzen ere.

Zergetan, ia lau aldiz gehiago

Espainiako banku sistemako beste lehiakide gehienekin alderatuta finantza erakunde txikia da Laboral Kutxa, eta, ondorioz, ez dago behartuta Espainiako Kongresuak bankuei ezarritako zerga berezia ordaintzera. Hala ere, iazkoaren aldean ia halako lau ordaindu du zergetan 2023ko lehen erdian: 18,3 milioi euro (+%292).

Lehiakide horiek gehienak baino emaitza hobeak erakusten ditu Laboral Kutxak bi arlotan: sektorearen berankortasuna —zalantzazko maileguak— %3,49koa da, baina Laboral Kutxarena %2,67koa da. Hala ere, 14,5 milioi euroren hornidurak egin ditu Laboral Kutxak urtarriletik ekainera.

Kaudimenari dagokionez, «lehen postuan jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan». Zehazki, %22,4ko kapitala du, CET1 ratio irizpideen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.