Euskal Herriko bankuak asmatzen ari dira interes tasa txikien garaiari etekina ateratzen. Kutxabanken eta Bankoaren ildotik, Laboral Kutxak ere lortu du bere emaitza pixka bat hobetzea: urteko lehen sei hilabeteetan 76,4 milioi euro irabazi ditu, iazko epe horretan baino 564.000 euro gehiago (+%0,88). Faktore batek izan du pisu handien emaitza positibo horretan: hamaika milioi gutxiago baztertu behar izan ditu mailegu eta beste inbertsio ustelak estaltzeko —hornidurak—, eta horrela konpentsatu du negozio arruntaren eta finantza eragiketen etekin txikiagoa.
Dirua merke izateak ez du errazten bankuen negozio ohikoa: jasotako aurrezkiari ematen dion interesa baino gehiago kobratzea mailegua eskatzen diotenei. Laboral Kutxak «ingurune zail» deitzen duen hori luzatu egingo da, ordea, Europako Banku Zentralak argi utzi baitu aurten ez dituela interes tasa ofizialak %0tik igoko; eta, are gehiago, beste interes batzuk gehiago apalduko dituela. Muga horiek ekarri dute Laboral Kutxaren interesen irabazi tartea 2,7 milioi (-%2,1) txikitu izana aurtengo lehen erdian, 122 milioiraino. Euriborraren bilakaera ez ezik —berriro jaisten hasi da— NIIF16 kontabilitate arau berriak ere eragina izan duela argitu du kutxak. Horren zati bat (0,8 milioi) komisio handiagoen bitartez berreskuratu du.
Komisio horiek lotuta daude negozioaren zabalpenari. Izan ere, Laboral Kutxak aurrezki gehiago jaso du (22.928 milioi, +%5,1), bere inbertsio funtsetan diru gehiago erakarri du (+%5,3), pentsio planetako saldoek gora egin dute (+%2,4), eta mailegu gehiago eman ditu. Zehazki, 13.454 milioi euroren kredituak eman ditu, duela sei hilabete baino %1,96 gehiago. Nabarmen handitu dira etxebizitza erosteko mailegu hipotekarioak (iaz baino %5,9 gehiago), baina baita kontsumorako egindakoak ere (+%2,7). Aseguruen negozioak ere emaitza positiboak eman dizkio: 20,5 milioi, 2018ko epealdi berean baino %3,2 gehiago.