Laboral Kutxak «lehiakortasunean» irabazi nahi du, «hazten jarraitzeko»

Aurrezkietan, inbertsio funtsak indartu nahi ditu, dibertsifikatuz; eta enpresentzako kreditua zabaldu nahi du, txikietara bereziki. Entitateak 222 milioi irabazi zituen iaz, 2022an baino %48 gehiago.

ADOLFO PLAZA
Adolfo Plaza Laboral Kutxako presidentea, larunbat honetan Donostiako Kursaalean egindako batzar nagusian. LABORAL KUTXA
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 27a
15:00
Entzun

Iazko emaitzak hauspotuta, Laboral Kutxak uste du «hazten jarraitzeko» aukera handiak dituela, eta, horretarako, «lehiakorragoa» izateko xedea jarri dio bere buruari. «Orain, lehiatzea; eta, gerora begira, eraldatzea» izango da datozen urteetara begira finantza erakundearen orientabide nagusia. Hala azpimarratu du Laboral Kutxaren zuzendaritzak larunbat honetan Donostian egindako batzar nagusian. Batzarkideek aho batez babestu dituzte iazko kontuak eta 2024rako kudeaketa plana.

Adolfo Plazak lehen batzar nagusia izan du iaz entitateko presidente izendatu zutenetik. Xabier Egibar zuzendari nagusiarekin batera, 2023an lortutako emaitza «bikainak» gogoratu dituzte, eta nabarmendu dute finantza erakundeak «sabai historiko» bat gainditu duela, eta «abiapuntu bikain» bat ezarri duela aurreikusitako asmoak aurrera eramateko.

«Iazko emaitzak sabai historiko bat dira, eta, haiei esker, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izango diegu».

ADOLFO PLAZA Laboral Kutxako presidentea

Laboral Kutxak otsailean ezagutarazi zituen iazko emaitzak, eta atzoko batzarrean berretsi egin zituzten. 222,7 milioi euro irabazi zituen, 2022an baino %48 gehiago, batez ere interes tasen igoerak hauspotuta. Egibarrek azaldu duenez, 2023an uztartu egin dira «negozio bolumena jaitsiera eta errentagarritasun historikoak», eta zehaztu du emaitza horretarako iturri nagusia ohiko banku negozioa izan dela: hau da, aurrezkia eta kreditua.

Maileguen kasuan, azaldu du interes tasa altuen eraginez ez direla aurreko urteetan bezainbeste hazi, baina, oro har, Espainiako banku sistemako batez bestekoaren gainetik handitu direla. Aurrezkien kasuan, inbertsio funtsek hazkunde handia izan dute. Hipoteken kopuruak, mailegatutako diruak eta aseguruen negozioak ere gora egin dute.

Aldaketa sakonak

2024ra begira, Egibarrek uste du «errentagarritasun ziklo positiboak» iraun egingo duela, eta horrek aukera ematen dizkiola Laboral Kutxari hazten jarraitzeko. Helburu hauek ezarri ditu: aurrezkiaren eta kredituaren alorrean «lehiakorragoa» izatea; inbertsio funtsak dibertsifikatzea; enpresen negozioko bezero kopurua eta kreditu zorroa handitzea, bereziki enpresa txikietan; hipoteken kuota mantentzea; eta aseguruan negozioan haztea.

Aurrerago begira, erakundek presidenteak adierazi du «aldaketa sozial eta ekonomiko sakonak» datozela; besteak beste, arrisku geopolitikoak, klimarekin loturikoak edo delitu zibernetikoak aipatu ditu, baina guztien gainetik bat nabarmendu du: «erronka demografikoa». Adierazi du finantza erakundeentzat «eraldaketa digitala» funtsezkoa izango dela, bai barne funtzionamenduan, bai bezeroekiko harremanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.