Laborantza jarduera «oztopatzea» eta txertaketa derrigorrezkoa izatea salatu du Libre kolektiboak

Libre kolektiboak sostengu bazkari bat eginen du igandean, Ortzaizen. Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako derrigorrezko txertaketaren luzapena salatu dute, baita kabalak txertatu ez dituzten laborariek jasan errepresioa ere.

Behi talde bat mendian. PATXI BELTZAIZ
Behi talde bat mendian. PATXI BELTZAIZ
2026ko abuztuaren 7a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lau aldiz pasatu dira etxetik, mehatxu gutunak emateko edo sinpleki han zirela adierazteko. Gure kide batzuek jendarmeriarat joan behar izan dute deklaratzera, eta batzuek epaiketako eguna badute jadanik. Epaiak iraila eta abendua bitarte izanen dira», adierazi du Olivier Doihenart Arbonako laborari eta Libre kolektiboko kideak. Hain zuzen ere, kolektiboko kideek salatu dute kabalei dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertoa eman ez dieten laborariak errepresioa jasaten ari direla. Bestalde, erran dute azken hilabeteetan jarduera oztopatu dietela, eta eskualdeko hiltegi publikoetan sartzea ukatu. Hori guzia salatzeko, preseski, bazkaria antolatu dute Ortzaizen (Nafarroa Beherea), igandeko.

Bazkariaz gain, mintzaldi bat eginen dute. Hiru hizlari gomitatu dituzte: batetik Diane Protat abokatua, epaiketetan kolektiboko laborari batzuk defendatzeaz arduratuko dena. Bestetik, Christelle Record, kabalei txertoa ezartzera behartu zuten laboraria. Eta, azkenik, Mama Adelina Rogel sendagile eta Ekuadorko komunitate indigena bateko kidea.

Izan ere, Recorden kasua da kolektiboko laborarien kexaren oinarria: Okzitaniako Ariege departamendukoa da Record, Libre kolektiboko kidea, eta behi tropa txertatzera bortxatu zuten. Duela hilabete batzuk, 130 jendarme joan zitzaizkion etxaldera —prefeta bera ere tartean zela—, behiei txertoa ezar ziezaien. Operazio polizialak oihartzun handia ukan zuen nazioartean. Kritika ugari ere piztu zituen, eta, beraz, txertatze metodo hori ez zuten gehiago erabili. 

Urtarriletik abian

Libre kolektiboa urtarrilean sortu zen, Ipar Euskal Herriko eta Okzitaniako laborariz osaturik, Frantziako administrazioak inposaturiko hainbat lege salatzeko. Batetik, dermatosi nodular kutsakorraren aurka plantan ezarri dituzten behi hiltzeak salatzeko eta, bestetik, txertaketa bortxatuak gaitzesteko. 

Dermatosi nodular kutsakorrak behiei eragiten die. Eritasunak ez du eraginik gizakiarengan, ez baita kutsatutako behiekin kontaktuan egoteagatik transmititzen, ezta kutsatutako behietatik eratorritako produktuak kontsumitzeagatik ere.

Libre kolektiboan elkartu diren laborarien agerraldia, Baionan. NAHIA GARAT
Libre kolektiboan elkartu diren laborarien agerraldia, urtarrilean, Baionan. NAHIA GARAT

Ez da modurik zientifikoki jakiteko gaitzak zer ondorio izan dituen Frantziako administrazioaren peko eremuan, administrazioak agintzen baitu behi batek sintomak izan orduko tropa guztia hiltzeko. Hala ere, badira zonbait etxalde behien hiltzearen kontrako erresistentzian aritu direnak Hamabi egun iraun du erresistentzia luzeenak. Gehienetan, eri ziren behiak beren baitarik sendatu ziren. Doihenartek gehitu duenez, beste lurralde batzuetako datuak harturik, eri diren behien heriotza tasa %1ekoa da, eta behien %10ek izaten ditu sintomak. «Bestela esanda, hamar behietatik bederatzik ez dute sintomarik». Gainera, txertoa «produktu komertzial bat» dela salatu du.

«Kasu frankotan, esne apaltze bat gertatu da, eta ikusi dugu txertoa ezarri dieten behiei lepoa hanpatu zaiela. Horrez gain, zonbait etxaldetan behiak hil dira txertoagatik, eta, batzuk hiltegira bidaltzean, haragia bota behar izan da, txarra baitzen»

OLIVIER DOIHENART Libre kolektiboko kidea

Eritasuna berria da; beraz, txertoaz egindako ikerketa guztiak ez dira burutu oraindik. Hau da, egun txertoa ikerketa fasean da oraindik, eta, horregatik, ez du merkaturatzeko baimenik. Erabilpenerako behin-behineko baimen baten bitartez inposatzen da: txertoa erabiltzeko epe bat ematen da ikerketak aitzinatu bitartean, eta, hain zuzen, haren derrigortasuna abenduak 31 arte luzatu zuen administrazioak uztailean. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ez du beste azalpenik eman ez epea luzatzeko arrazoiei buruz, ez eritasunari buruz, nahiz BERRIA behin eta berriz harremanetan sartu den Frantziako Estatuko zerbitzuekin. 

Frantziako Laborantza Ministerioak, ordea, adierazi du txertoak ez duela bazter ondoriorik. Doihenart ez da ados: «Gure lurraldean ditugun kasu batzuetan, bazter ondorio guti izan dira. Kasu frankotan, halere, esne apaltze bat gertatu da, ikusi dugu txertoa eman dieten behiei lepoa hanpatu zaiela. Horrez gain, zonbait etxaldetan behiak hil dira txertoagatik, eta, batzuk hiltegira bidaltzean, haragia bota behar izan da, txarra baitzen».

Hartutako neurriak

Eritasuna joan den urte bukaeran hasi zen zabaltzen, eta, orduz geroztik, Frantziako Laborantza Ministerioak hiru neurri nagusi hartu ditu eritasunari aurre egiteko: eritasuna goiz identifikatzeko, laborariei galdegiten zaie behien osasun egoeraren jarraipen azkarra egitea. Behi tropa batean eritasuna agertuz gero, behi tropa guzia hiltzeko eta eremua husteko agindua ematen zaie. Azkenik, arauturiko eremu geografikoetan txertaketa masiboak egiteko agindu dezakete. 

Gaixotasuna Hego Euskal Herrira ere hedatu zen, baina jada kendu dituzte debeku nagusiak, eta amaitu dute txertaketa kanpaina. Urtarrilean, azoketan murrizketak ezartzea erabaki zuten, eta, beraz, kabalak mugitzeko baldintzak gogortu. Eritasunaren bilakaera ona ikusirik, duela aste gutxi neurriak malgutzea erabaki zuten Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Hala ere, neurri batzuk indarrean daude oraindik ere. Kabalak mugitzen diren aldi oro, nahitaezkoa da garraio ibilgailuak eta animaliak garbitu eta desinfektatzea. Horrekin batera, zaintzarekin eta osasun kontrolekin segituko dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA