Laneko ezbeharrek lehen hildakoa utzi dute aurten dagoeneko Euskal Herrian. Zuberoako laborari bat izan da. Asteazkenean hil zen, Urdiñarben; bere etxaldean lanean ari zela traktorearekin istripua izan, eta haren azpian harrapatuta geratu zen, kazeta.info hedabideak jakinarazi duenez.
Jean Pierre Lopepe 49 urteko nekazaria Urdiñarbe herriko Garaibi auzoan bizi zen. Antza, traktore bat erabiltzen ari zen ukuilua garbitzeko. Larre aldapatsua zen, traktorea irauli, eta maldan behera 30 bat metro egin zituen. Laboraria makinaren azpian harrapatuta geratu ondoren hil zen.
Euskal Herri osoan ezagutarazi den lehen laneko ezbehar hilgarria izan da urtea hasi zenetik. Aurreko urteko azkena abenduaren 30ean Zubirin (Nafarroa) hildako kamioi gidaria izan zen. Gidatzen zuen ibilgailuak aurrez aurre jo zuen auto batekin, gidaria kabinan harrapatuta geratu zen, eta istripuaren lekuan bertan hil zen. LABek egin duen zenbaketaren arabera, Zubiriko istripuan zendutako kamioilaria lan ezbeharren ondorioz gertaturiko 81. hildakoa izan zen iaz.
Jaitsiera, krisiaren ondorioz
Iazko datua azken hiru urteetako onena izan zen: 2008. urtean 112 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta 2007 urtean, berriz, 125. Betiere LABek egindako kontaketaren arabera. Jaitsiera nabarmena izanagatik - %27 heriotza gutxiago - zuhurtziaz hartzeko eskatu dute sindikatuek.
Azken datu ofizialetan - urria arte EAEn, eta irailekoak Nafarroan - 44 hildako ageri dira, aurreko urtean baino bat gutxiago soilik.
Sindikatu gehienen aburuz, ezbeharrak eragozteko prebentzio neurrien eraginkortasunari baino gehiago, ekonomiaren atzeraldiak eragin duen jardueraren jaitsiera zorrotzari zor zaio murrizketa. Lan baldintzarik eskasenak dituzten sektoreetan igo ere egin direla susmatzen dute, gainera.
Laborari bat hil da Urdiñarben, lan istripuen aurtengo lehen biktima
Bere baserrian lanean ari zela, traktorea larre aldapatsu batean irauli eta makinaren azpian harrapatuta geratu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu