Lagarderen Parisko etxea arakatu dute, Tapieren afera dela eta

Enpresaburuaren aldeko arbitraje bat erabakitzean Frantziako Estatuari kalte egitea leporatzen diote

Iker Aranburu.
2013ko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazioarteko Diru Funtseko buru frantziarren inguruko auziak ez dira Dominique Strauss-Kahnen dimisioarekin amaitu. Atzo, Frantziako Justizia Gorteko epaileek aginduta, poliziek Christine Lagarde NDFko zuzendariaren Parisko etxea arakatu zuten. Bernard Tapie enpresaburu eta politikari ohiari emandako kalte-ordainaren aferan izan zuen parte hartzeagatik ikertzen ari dira Lagarde.

Miaketa izan zenean, Lagarde Frankfurten zegoen. Haren abokatuak esan duenez, «arakatzeak egia azalarazten lagunduko du, eta erakutsiko du nire bezeroak ez duela inolako erantzukizun penalik». 2008an hasi zen ikerketa, eta 2011z geroztik Justizia Gorte bereziaren esku dago, hura delako ministroak edo ministro izandakoak iker ditzakeen organoa. Lagardek bere burua errugabetzat jotzen du, eta esan du ez duela dimisiorik emango.

Adidasen salmentari lotua

Afera 2007an lehertu zen, baina 1992ko operazio batean du sorburua. Urte hartan, Adidas kiroletako jantzien enpresa saltzeko enkargua eman zion Tapiek Credit Lyonnais bankuari. Hirigintzaministro zen orduan Tapie, baina politikan jarraitu nahi izanez gero enpresen gidaritza uzteko agindu zion François Mitterrand presidenteak. Lortutako prezioa oso txikia iruditu zitzaiolako, auzitara jo zuen, eta estatuarekin egin zuen topo, CL nazionalizatuta zegoelako.

Ika-mika judizial luze baten ondoren, 2007an Lagardek erabaki zuen epaitegietatik ateratzea, eta batzorde pribatu bati eman zion desadostasuna konpontzeko erabakia. Tapieri eman zioten arrazoia, eta 400 milioi euroren kalteordaina pagatu zuen estatuak.

Ezkerreko hautetsi batzuek auzitara jo zuten, haien iritziz arbitrajearen bidez saritu nahi izan zuelako eskuineko gobernuak 2007ko bozetan Tapiek Nicolas Sarkozy sostengatu izana. Boterea gehiegikeriaz erabiltzea egozten diote Lagarderi, besteak beste, arbitraje batzordeko kideen artean Sarkozyren edo Tapieren ingurukoak jarri zituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.