Laguntza hitzemanda amaitu dute Parisko goi bilera

Erreformak egingo dituztela agindu dute NDFk eta Munduko Bankuak. Itsas garraioaren zerga bidean geratu da

Finantza Itun Global Berria goi bileraren amaierako ekitaldia, atzo, Parisen. LEWIS JOLY / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hitz on askorekin eta gero betetzea kostatzen den promesa sorta batekin bukatu da Finantza Itun Global Berri baterako goi bilera, Parisen. Promesa nagusia da nazioarteko finantza erakundeak erreformatuko dituztela, gai izan daitezen herrialde pobreei finantzaketa handiagoa emateko klima aldaketaren aurkako borrokan. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) agindu du 100.000 milioi dolarreko finantzaketa jarriko duela herrialde pobreen eskura, eta MB Munduko Bankuak esan du interesak txikituko dizkiela hondamendi naturalen bat jasan duten herrialdeei.

Bi eskaera horiek ageri dira Bridgetown 2.0. izeneko agirian. Barbadosko lehen ministro Mia Mottleyk bultzatutako ekinaldi bat da, eta hura izan da goi bileraren sustatzaileetako bat, Emmanuel Macronekin batera. Barne politikak ematen dizkion buruhausteak alde batera utzita, Frantziako presidenteak ahalegin diplomatiko bat egin nahi izan duerakusteko Frantzia —eta Mendebaldea, oro har—, ez dela herrialde pobreekin ahaztu, eta ez dutela zertan Txinaren eta Errusiaren besoetan erori.

Bileraren amaieran, Macronek aitortu zuen ez duela lortu nahiko adostasunik itsas merkataritza zergapetzeko. Hori zen herrialde pobreentzat finantzaketa eskuratzeko moduetako bat, eta hainbat estaturen babesa jaso du —hala nola Hego Korea, Espainia eta Herbehereena—, baina ez, ordea, nazioarteko merkataritzako eragile nagusiena, hots, AEBak, Txina, Japonia eta Alemaniarena. Edonola ere, uztailean Nazioarteko Itsas Erakundeak egingo duen bileran, mahai gainean izango da proposamen hori. Hegaldietako txartelen gaineko tasa bat eta mundu osoan finantza operazioak zergapetzea ere aztertu dituzte Parisen, baina erabakirik hartu gabe.

Zambiak ituna lortu du

Emaitza zehatz apurren artean dago Zambiak azkenean Txinarekin eta beste herrialde batzuekin lortu duen akordioa bere zorraren zati bat barkatzeko. Hainbat hilabete atzeratu da akordioa, Pekinek eskatzen baitzuen zorren berregituraketa prozesuetan NDFk eta MBk ere onar dezatela maileguen zati bat barkatzea. Mendebaldeko herrialdeek ez dute horri buruz hitz egin nahi, argudiatzen baitute zorra osorik jasotzeak bermatzen duela bi erakunde horiek interes tasa txikiagoak kobratzea.

Zambiak zorrak ordaintzeko izan dituen arazoak ez dira kasu bakana. COVID-19ak, Ukrainako gerrak eta klima aldaketak ekarritako hondamendiek kalte handiak eragin dizkiete herrialde pobreei, eta haietako 70ek zorrak ordaintzeko arazoak dituzte edo izatekotan daude, NDFren arabera. Herrialde pobreen arazoa da haientzat askoz zailagoa dela klima aldaketaren aurka egiteko eta energia berriztagarriak instalatzeko inbertsioak finantzatzea. Interes tasa handiagoak eskatzen dizkiete, eta horrek elikatu egiten du zorpetzearen dinamika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.