Hutsean geratu dira Arabako metalgintzako lan hitzarmenerako izandako elkarrizketak. Atzo izan zuten azkeneko bilera SEA patronalak eta sindikatuek. Soldata, lanaldia, behin behineko lanak, txandakako kontratua eta bajak izan zituzten eztabaidagai nagusi lau orduz. Uztailaren 15eko bileraren zain, bertan behera geratu da bidean zirudien akordioa.
Metalgintzako sindikatuei SEAk aurkeztutako proposamen berriak hobekuntza ekonomikoak aurreikusten ditu, KPIaren soldata irabaziak puntu bat gehiago igota eta iazko konpentsazio plusa %4ra igota. Lanorduei dagokionez, berriz, murrizketarik izango ez dela nabarmendu zuen patronalak.Sindikatuek, bere aldetik, lanaldian murrizketa beharrezkoa dela eta proposamenak aukerarik uzten ez diela salatu zuten. «Argi dago gure eskaerak haien eskaintzara mugatu ezean beste aukerarik utziko ez digutela», nabarmendu zuen ELAk.Ildo beretik, LAB sindikatuak ere patronalaren «jarrera inmobilista» salatu zuen. «Hiru konturi buruz bakarrik hitz egitea ez da nahikoa, hitzarmen batek ezin ditu lanordu edo behin behineko lanaldiak alde batera utzi», azpimarratu zuen Santi Diaz de Espadak.Datorren uztailaren 15ean izango du hurrengo hartu emana SEAk sindikatuekin. Artean, banakako elkarrizketak izango dira. Egoera honen aurrean, mobilizatzea «beste aukerarik ez» dela nabarmendu zuen ELAk.
LAN GATAZKA. Metalgintzako aldeek ados jarri gabe jarraitzen dute Araban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu