Pentsioen erreformaren hirugarren atal bati heldu dio Espainiako Gobernuak. Dekretu baten bitartez onartu du erretiroa aurreratu ahal izateko zer irizpide bete beharko dituzten lan gogorretan edo arriskutsuetan aritu izan diren langileek. Aukera hori talde askori zabaldu ahal izango zaiela uste dute sindikatuek, baina eragin mugatuagoa izatea bilatzen du gobernuak, pentsio sistemaren estuasun ekonomikoak direla eta.
«Lan batzuk bereziki gogorrak dira, eta badaude beste batzuk lan bizitzaren azken urteetan nekezak bilakatzen direla, istripu gehiago dituztenak edo haiei lotutako gaixotasun profesional gehiago dituztenak», azaldu du Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroak. Beste herrialde batzuetan erretiroa aurreratzeko antzeko prozedurak badaudela gaineratu du Pilar Alegria gobernuko bozeramaileak, eta Frantzia, Austria eta Italia aipatu ditu.
Gobernuak gaur onartutako dekretuak objektiboak izan nahi duten irizpide batzuk finkatu ditu, CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE patronalarekin hitzartutakoak. Tenperatura bortitzetan eta zarata eta bibrazio handiekin jardutea izango da irizpideetako bat, eta lanerako indar handia etengabe erabiltzea ere kontuan hartuko da. Gainera, produktu kutsagarriekin eta toxikoekin lan egin dutenek edo osasunarentzat kaltegarritzat jotzen den ingurune batean aritu direnek aukera izango dute lan bizitza legeak finkatzen duen adina bete aurretik eteteko —65 eta 67 urte artean, kotizatutako urteen arabera—.
Irizpide horiek neurtu ahal izateko modu bat izango da lanpostu batzuetan zenbait gaixo baimen pilatzen diren, baimen horiek zenbat irauten duten, eta zenbat lan istripu eragiten dituzten.
Gutxienez 52 urte izan beharko dira irizpide horien arabera erretiroa aurreratzeko, eta betiere sektore horretan beste lan samurragoetan aritzeko aukerarik ez badago.
Gehiago kotizatu behar
Lanpostu gogor horietan koefiziente murriztaileak izenekoak ezarriko dira; hau da, kotizatutako urte bakoitzak gehiago balioko duela beste lanbideetan ari direnekin alderatuta. Gastua ez handitzeko, lanpostu horien gizarte kotizazioek handiagoak izan beharko dute besteenak baino.
Azken horrek eragin dezake sindikatuek nahi baino sektore gutxiagotan eskatzea erretiroa aurreratzeko aukera. Izan ere, gaur egun soldatapekoen soldata gordinaren %23,6 jartzen du enpresak Gizarte Segurantzarako, eta %4,7 dagokio langileari, eta gehiago kotizatzerik ez dutela ziurtatu dute patronal batzuek.
Sektorekako lan hitzarmenaren bitartez izendatuko dira lanpostu batzuk gogor edo arriskutsu gisa, eta, hortaz, enpresaburuen eta sindikatuen babesa beharko dute izendapena eskuratzeko. Halakorik ez badago, Gizarte Segurantzari hala egiteko eskatu ahal izango diete langileen ordezkariek; hark hartuko du azken erabakia, gaur finkatutako irizpideak aintzat hartuta.
Gaur egun oso lanpostu gutxik dute onartua erretiroa aurretik hartzeko aukera. Horien artean daude meatzariak, itsasoko langileak, suhiltzaileak eta polizia autonomikoak. Aukera hori garraiolariei zabaltzeko eskatu izan dute sektore horretako langileek ere. Iazko udazkenean greba egitera deitu zituzten CCOO eta UGT sindikatuek, eta Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak erretiroa 60 urtean hartu ahal izatea aldarrikatu du.