Lan gatazka

Lan ikuskaritza Anoetako lanen lege urraketa gehiago berresten ari da

ELAko eraikuntzako arduradun Igor San Josek azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan 250.000 euroren isunak daudela jada, eta 4,5 milioiren zorrak soldatetan

Beharginak Anoetako lanetan, orain hilabete batzuk. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 14a
10:06
Entzun

Goitik behera zaharberritu duen obra handiaren ostean, Anoeta galdara bihurtzen da Realak jokatzen duenean. Ez dago presio gutxiago, ordea, haren eraikuntza lanetan zenbait enpresak beren langileekiko eta administrazioarekiko egindako lege urraketen auzian. ELA sindikatuak aspaldian salatu zituen kontratazioari, soldatari eta lanaldiari dagozkien irregulartasunak, eta, gaur, «moldatze lanetan aritutako langileei ordaindu ez zaizkien soldatak berehala ordaintzeko» eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Igor San Jose eraikuntzako arduradunaren ahotan.

Irregulartasun horiek berretsi ditu Lan Ikuskaritzak orain hilabete batzuk, eta ELAk berak igorritako beste hainbat oraindik ere aintzat hartzen jarraitzen duela esplikatu du San Josek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak berak erabaki du fiskaltzaren esku uztea ELAk azaleratutako eta Lan Ikuskaritzak berretsitako lege urraketak . «Anoetan gertaturikoaren larritasuna islatzen du». Zenbat eta zer neurritako lege urraketak egon diren ikusita, ELAk Donostiako Udalari eta Realari exijitu die berriro «Anoetan gertaturiko iruzur eta lan baldintzen urraketen aurrean berehala esku hartzeko, ardura zuzena baitute biek».

Sindikatuaren tesia zera da: obraren lizitazioa prezioaren azpitik adjudikatu zutela. Eta akusazio larria egin du San Josek tesi horretan oinarrituta: «Realak dirua aurrezteko helburuz egin zuten, horrek lan baldintzetan eta lan segurtasunean aurreztea ekarriko zuela jakinda ere». Anoetaren moldaketaren aurrekontua 48 milioi ingurukoa izan zen hasieran. Asteon jakinarazi du Jokin Aperribai Realeko presidenteak 59 milioi baino gehiagoko kostua izango duela obrak azkenerako. Gehiena Realak berak pagatuko du, Anoetaren jabe ez den arren; Jaurlaritzak hamar milioi eurorekin lagunduko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, lau milioirekin. Gainontzekoa futbol klubak pagatuko du.

Dagokion batzordean eseritako Gipuzkoako batzarkideen aurrean, galdera zuzena egin zien ELAko kideak: «Jakinda ezarritako prezioa ez zela inondik inora erreala, noren bizkar gainean erori behar zuen aldeak? Nork sufritu behar zituen merkatzearen ondorioak?».

4,5 milioi zor zaizkie langileei

Lizitazioaren merkatzea «langileen bizkar gainean» jarri dela erantzun dio bere buruari sindikalistak, eta mahai gainean jarri ditu lege urraketek utzi dituzten kopuruak: ELAk 22 enpresa salatu ditu; berrehun langile baino gehiago izan dira beharrean «dokumentazio faltsuarekin»; 250.000 euro baino gehiago pilatu dira isunetan; 4,5 milioi euro baino gehiago zor zaizkie oraindik langileei, sindikatuak berak 2018an egindako kalkuluen arabera; eta 2019ko abenduan 7 milioi eurokoa ere izan zitekeen zorra, kalkulu horiek jarraituz betiere.

Kopuru horiek ezagutarazi eta gero, baieztapen gogorra egin du Igor San Josek: «Anoeta moldatzeko lanak etengabeko abusu eta iruzurretan oinarritu dira: miseriazko soldatak, lanaldi amaiezinak, langileen legez kanpoko lagatzea, dokumentuen faltsutzea...». ELAk salaketa asko jarri dituela eta Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman diola gogorarazi die Gipuzkoako batzarkideei.

Halaber, ELAko eraikuntza sektoreko arduradunak azaldu zuen «gero eta gehiago» direla «iruzurra eta eskubide urraketak» konfirmatzen dituzten Lan Ikuskaritzaren ebazpenak. «Realak eta Donostiako Udalak, ordea, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute». Egoeraren larritasuna bultzatuta erabaki du Lan Sailak ELAren salaketak fiskaltzaren esku uztea, ELAko kidearen ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.