Lan karga, enpresaren atarian kanpatuta

GAM Aldaiturriaga enpresak 67 langileri eragingo liekeen lan espediente bat aurkeztu du, eta enpresaren atarian kanpaldia egiten ari dira langileak. Enpresak langile horientzat sobera lan baduela salatzen dute.

Ekainaren 28tik daude GAM Aldaiturriagako langileak enpresaren atarian kanpatuta. LANDER MUÑAGORRI.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Lan erregulazio espedientea kentzen ez duten bitartean, greban jarraituko dugu. Enpresak ez du amorerik eman, baina guk ere ez», dio Aitor Marin Barakaldoko (Bizkaia) GAM Aldaiturriagako enpresa batzordeko presidenteak. Joan den ekainaren 28an, enpresak espediente bat aurkeztu zuen, eta horrek 67 langileri eragingo lioke. Hori jakin, eta langileak protestara lotu ziren. A-8 autobidean ilara sortu zuten, Trapagarango bailaran hainbat manifestazio burutu dituzte, eta espedientea aurkeztu zen egunetik, enpresaren atarian kanpatuta daude, protesta gisa.

Enpresak arrazoi ekonomikoengatik aurkeztu zuen espedientea. Langileak, ordea, erruz ari ziren lanean espedientea aurkeztu aurretik. 2009an, esaterako, 60.000 aparteko lanordu egin zituzten, eta 2010ean, berriz, 56.000. Aurtengo lehen hilabeteetan lan egin zituzten orduen arabera, bestalde, lau astetako orduak betetzeaz gain, beste astebeteko orduak ere egiten ari ziren. «Ez dugu ulertzen. Egun batean ordu estrak egiten ari gara, eta biharamunean jendea sobran dagoela esaten digute. Ez dauka zentzurik», dio Marinek.

Aparteko orduak egon daitezen, lan eskariak ere handia behar du izan. Eta hala da. Baina Marinek salatzen duenez, «bezero batzuen lan eskaintzei ezezkoa ematen aritu dira zuzendaritzatik». Eta bitartean, lan taldea osatzen duten ia 130 langilek lanuztearekin jarraitzen dute. «Sekulako lan karga, eta ixteko asmorik ez duen enpresa honek nahiago du, langileak lanean eduki beharrean, greban egon daitezen».

Horregatik guztiagatik, enpresak bi asmo izan ditzakeela uste dute sindikatuek eta enpresa batzordeak: enpresa itxi, edo langileak ahalik eta merkeen kaleratu eta enpresa paralelo bat sortu, soldata baxuagoak eskaintzeko. Aurrerantzean, enpresaren jarduna gidaririk gabeko makinarien alokairuan eta eolikoen eraikuntzara bideratuko dutela ere sumatzen dute —gaur egun makinerien mantenuan ere lan egiten dute—. «Horretarako, nahikoa dira hogei langile». Horregatik, espedientea aurrera eramanez gero, ondotik beste batetorriko dela uste dute enpresa batzordeko kideek.

Eusko Jaurlaritzaren zain

Carmelo Prior erregulazio espedientearen bidez kalera joango litzatekeen 67 langileetako bat da. Espainian GAM sareak dituen beste hainbat lantokitan makineria berrien funtzionamendua ikasten ari zen espedientea aurkeztu aurreko asteetan. Kanpoan zela aurkeztu zuen enpresak bera kaleratzeko erabakia. Hamalau urte daramatza GAM Aldaiturriagan, eta denbora horretan ikasi duen guztia enpresak alferrik galduko dela uste du.

Egoera zaila da, ez du ukatzen, baina itxaropena ez du galdu oraindik Priorrek. «Enpresak espedientea aurrera eramango du ziurrenik, baina ondoren Eusko Jaurlaritzak zerbait esan beharko du». Ezkerraldean lan erregulazio espedienteak aurkezten ari diren enpresen zerrendan sartuko da GAM Aldaiturriaga, baina espediente hau «ezberdina da».

Marin ere uste berekoa da. Espedientearen baldintzak negoziatzeko hilabeteko epea agortu ondoren, Eusko Jaurlaritzak espedientea onartuko ez duelakoan dago. «Orain arte ez du erantzukizun handirik hartu Ezkerraldeko espedienteekin, baina guk lan eskari handia daukagu oraindik betetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.