Lan orientazio espezializatua esku pribatuetan utziko du Lanbidek

Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak eta langabeak lanera itzultzea nahi dute zerbitzu berri honekinUrtea amaitzen denerako 92.479 pertsonari zerbitzua ematea espero du Lanbidek

Javier Lopez, Gemma Zabaleta eta Mariano Cortes, atzoko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Orientazio zerbitzu berri bat eskaintzen ari da Lanbide urte hasieratik. Lanik gabe dauden pertsonei merkatuan lana topatzen laguntzea da aholkularitza zerbitzuaren helburua. Egitasmoa berritzailetzat jo du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak, eta azpimarratu du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak lanera itzultzeko baliabidea dela. 2012. urtea amaitzen denerako 92.479 langaberi emango die orientazioa Lanbidek zerbitzu horri esker.

Zerbitzua pertsonalizatua izango da, «bakoitzak behar duen beharraren arabera egokitutakoa», Zabaletak adierazi duenez. Horregatik, langabe bakoitza egoera ezberdinean dagoelako, bi eratako orientazioa eskainiko du: orokorra eta espezializatua. Orientazio zerbitzu orokorra Lanbideren esku egongo da, eta horretara 220 orientatzaile profesional bideratuko ditu. Zerbitzu espezializatua, ordea, esku pribatuetan utziko du. «Kolaboratzaile sare bat edukiko dugu orientazio hori eskaintzeko, uneoro Lanbideren zaintzapean egongo dena», Zabaletaren esanetan.

Orientazio zerbitzuak «familia medikuak bezala funtzionatuko du», sailburuak azaldu duenez. Orientatzaile bakoitzak eskatzailearen diagnostikoa egingo du, eta kasuan kasuko lan egoera hobetzeko, hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu profesionalak. Beharrezko den kasuetan, bakarrik, orientatzaile espezializatuetara bideratuko du langabea.

Lan merkatura iristeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak bideratuko dituzte orientazio orokorretik espezializatura. Horien artean egongo dira, esaterako, kualifikazio urria duten 30 urtetik beherako gazteak; langabezian denbora asko daramaten 45 urtetik gorakoak; baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak; lan bila dabiltzan elbarriak; eta erregimen irekian dauden presoak. Orientazio espezializatura, denetara, 31.722 lagun bideratuko dituzte Lanbide enplegu zerbitzutik.

Langabeei eskainiko zaien zerbitzu horretarako 18 milioi euro jarriko ditu. Horietatik 11 milioi euro lana bilatzeko sailera joango dira, eta gainerako zazpi milioiak, arreta espezializatura.

Errenta hartzaileak helburu

Orientazio zerbitzu horren helburu nagusia «diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak laguntzen sistematik ateratzen saiatzea da». «Inor ez baitago gustura laguntzen sistema horren barnean», Zabaletak adierazi duenaren arabera. Horregatik, errenta hori jasotzen dutenen %100 lan orientaziotik igaroko direla ziurtatu du Javier Ruiz Lan sailburuordeak. «Orain arte, laguntzen bidez jasotako baliabide ekonomikoak bakarrik zeuzkaten pertsona horiek. Guk lan merkatura itzul daitezela lortu nahi dugu neurri honekin», esan du.

Urtea hastearekin batera hasi ziren aholkularitza hori ematen Lanbiden, eta, orduz geroztik, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 6.804 pertsonari eman diete laguntza. Urtea amaitzerako laguntzak jasotzen dituzten %79 aholkatzea espero dute, hau da, 27.612 pertsona denetara. Edozein modutan, aholkularitza zerbitzua martxan jarri denetik errentaren hartzaileak bakarrik ez, langabeak ere orientatu dituzte. Denetara, urtea hasi denetik 24.788 pertsonari eman diete arreta, eta horietatik 15.356 lan eskaintzaren baterako hautagai izan dira. Urtea amaitzen denerako 92.000 pertsona orientatzea da Lanbideren asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.