Bulegoko deiak amaitu, bostekoa eman eta berehala eseri da, galderak erantzuteko prest, gauza batetik bestera pasatzeko gaitasun izugarriarekin. Gemma Zabaletak (Donostia, 1957) Lan eta Gizarte Gaietako Sailaren ardura hartu zuenetik kritika ugari jaso ditu, ia alde guztietatik, baina kritikak kritika, hartutako bidea egokia dela konbentzituta dago.
Zure sailaren ardatza gizarte laguntzak lana lortzeko prozesuari lotzea da. Jaurlaritzako Aholkularitza Juridikoko Batzordeak eta Kontrol Ekonomikorako bulegoak proposamena onartu dute, baina neurri batean zalantzan jarri dituzte ildo horren egokitasuna eta eraginkortasuna. Oinarria zalantzan al dago?
Ez, akatsa litzateke. Printzipio horretan oinarritzen da Europako zati handi batean funtzionatzen duen enplegu politika. Eta gu baino aurreratuago daude. Zalantza askoren oinarria da pentsatzea pertsona horietako askok ezin dutela lanposturen bat lortu. Gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzak jasotzen dituztenen ikusmolde paternalista da.
EAEko laguntza sistema Estatuko altuena da, eta harro sentitu behar dugu, jendeari guztia edo ia guztia galdu duenean aurrera egiten laguntzen diolako. Baina eutsiezina da batzuek sistema horretan denbora gehiegi pasatzea, enplegua lortzeko bidetik kanpo daudelako. Horrela ezingo ditugu inoiz atera diru laguntzen sistematik. Ez dugu diru laguntzen mende bizi den gizarte bat nahi, gizarte aktibatua baizik.
Laguntza jasotzen duten gehienak lan egiteko gai al dira?
Hala erakutsi digu Lanbideren zortzi bulegotan abian jarri genuen plan pilotuak. Bertan lotuta daude gutxieneko diru sarrerak bermatzeko diru laguntza jasotzea eta enplegua bilatzea. Orientatzaileek esan digute hamar lagunetik ia bederatzi (%87) lan egiteko gai direla, eta laguntza eskatu duten lau lagunetik hiru prestakuntza planen batean daudela. Beraz, posible da. Etxean egon beharrean, jarduera batean daude. Inork ez du egon nahi ezer egin gabe, laguntzaren bat jasotzen duen arren. Eta baldin badaude, gutxi dira.
Ez dugu herritarrekiko jarrera paternalista eduki behar. Herritarrei eskubideak eta tresnak eman behar dizkiegu. Hau eskubideen sistema bat da, ez karitatea. Herritar bat ez dugu gehiago babesten bizi guztian diru laguntzaren bat bermatzen badiogu, gero diru laguntzaren mendeko bihurtu badugu. Gizarte babes onena herritarrei lana lortzeko tranpolin bat eskaintzea da, laguntzea enpleguaren bitartez.
Lanbideren bidez lortu nahi dugu langabeek jasotzen duten prestakuntza ez izatea denbora-pasa, lana ahalik eta azkarren lortzeko balioko dien tresna baizik. Erreminta kutxa deitzen diogu.
Zenbait herritarren kasuan gizarte laguntzak betikotu egin direla eta diru laguntzen mende bizi direla diozu. Jendea diru laguntzen mende eroso bizi dela esan nahi duzu?
13.000 herritarrek hamar urte baino gehiago daramatzate laguntzak kobratzen. Ez daude erosokerian, bazterketan baizik. Denbora horretan ez badira enplegu zerbitzuei lotuta egon, nekez lortuko dute prestakuntza edo lanposturen bat. Inor ezin dugu diru laguntzen mendekotasunetik atera, lan errenta bat izan dezan, ez badago enplegu zerbitzuetara lotuta. Egoera errotik aldatu nahi dugu. Inork ez du geratu behar babes sistematik kanpo, baina inor ezin du sistema horretaz aprobetxatu.
Sistemaren beraren iraunkortasuna jokoan dagoela esan duzu. Gaur egun 55.000 lagunek jasotzen dute gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntza: hirutik bat pentsioduna, beste bat bere diru sarrera apurrak osatzeko jasotzen duena eta hirugarrena inolako diru sarrerarik ez duena. Azken 18.000 horiek sistema kolokan jartzen ari direla esan nahi duzu?
Ez. Sistema arriskuan jartzen duena da sistemak sarrera ate zabala duela, baina irteera ate estua. Sistemak irteera aterik ez badu, ezingo diogu eutsi. Iaz 388 milioi euro gastatu genituen, gizarte babesean inoiz gastatu den kopuru handiena. Premia duten guztiengana iritsi behar dugu, baina diru sarrerak ditugulako ezin dugu gizartearen zati bat diru laguntzen mende bizitzera bultzatu. Faktura ordaintzeko gai izateagatik faktura ordaintzea, hori ez da politika. Politika aktiboak egin nahi ditugu pertsona horiekin, uste dugulako askok aukera hobeak izango dituztela lanaren bidez diru laguntzen bitartez baino.
Prestakuntza edo lan eskaintza bati uko egiten diotenei kendu egingo diete diru laguntza, uko egiteko arrazoia pisuzkoa ez bada. Zer da pisuzko arrazoia?
Lanbidek legea aplikatuko du. Indarrean dagoen legeak dio laguntza jasotzen dutenek enpleguaren radarrean egon behar dutela, lana eskatu behar dutela. Lege honen erronka enplegua da, ez ditugu pertsonak jazarri nahi. Tresna batzuk jarri nahi ditugu herritarren eskura, beren egoera hobetzeko. Enplegurako, prestakuntzarako eta aktibaziorako prest egotea da pertsona bakoitzak Lanbiderekin sinatzen duen konpromisoaren zati bat. Laguntza kendu behar diegu konpromisoa betetzen ez dutenei. Pisuzko arrazoiak? Gaixotasun bat, familian premiazko egoera bat sortzea, edadeturen bat zaindu beharra...
Lanbideko teknikariek erabakiko al dute?
Bai, baina Lanbidek lotuta egon behar du osasun sistemarekin, hezkuntzarekin, gizarte zerbitzuekin... Aktibatzeko arazoak dituztenen kasuan, zigortu aurretik arazo horiek konpontzen saiatuko gara.
Helburua ez da herritarrak jazartzea, baina ia egun batetik bestera 6.200 herritarri laguntza kenduko zitzaiela esanda, laguntza jasotzen duten gehienek iruzur egiten dutela iradoki zenuten.
Iruzurraren susmoa guk nahi baino zabalduago dago. Guk zabaldu genuen mezua esanez ordena jarri behar dela, legea bete behar dela eta sistemak gardena izan behar duela.
Ikusi genuen herritar asko enpleguaren radarretik kanpo zeudela, barruan egon behar zuten arren. Abenduan 3.500 pertsonak eman zuten izena langabezia zerrendetan. Abenduan egon bazitezkeen, zergatik ez zeuden lehenago? Etxean, sistematik kanpo badaude, ezingo dugu politika aktiborik aplikatu.
Lana sortzeko abian jarri zenuten planaren bidez 5.500 langabek sei hilabetez lan egin dute. Diru publikoarekin behin-behineko lanpostuak sustatzea leporatu zizueten; erantzun zenuten, hala izanda ere, horrela pertsona horientzat errazagoa izango dela lana lortzea. 5.500 horietatik zenbati berritu diete kontratua sei hilabeteren ostean?
Ez daukagu daturik, kontratu asko ekainean sinatu baitira, epearen amaieran. Ekainean egingo dugu planaren balorazioa. Garrantzitsuena da 5.500 pertsonak lan egin dutela eta aukera gehiago izango dituztela lana lortzeko, jaso duten prestakuntzari eta lan esperientziari esker.
Sailburu karguan BERRIAri eskainitako lehen elkarrizketan esan zenuen patronalak atsegingo ez zituen neurriak hartuko zenituela, ziur. Hartu al duzu baten bat?
Beno, denbora honetan patronalari eragiten dioten neurriak Euskaditik kanpo hartu dira batez ere: lan araudia, erreformak... Gure apustua elkarrizketa sozialaren aldekoa izan da. Egia da ELA eta LAB falta direla, oso sindikatu garrantzitsuak, baina elkarrizketa horretan parte hartzeari uko egin diote. Mahaian daudenekin —patronala, CCOO eta UGT—, ahalik eta akordio gehienetara iristen saiatzen gara.
Ba al duzu harremanik ELArekin eta LABekin?
Ez. Zabaldu dugun marko instituzionala elkarrizketa sozialarena da eta ate hori irekita dute. Beraiek uko egin diote. Bestela, ez dugu alde biko harremanik.
Gehiengo sindikala eta zu zeu bat zatozte, behintzat, gauza batean. Lan arriskuen prebentzioan aurrerapauso txikiak eman direla eta prebentzioaren kulturarik ez dagoela. Hain zaila al da lan segurtasunerako neurriak betearaztea?
Kontzientziazioa, sentiberatasuna eta ikuskaritza zorrotza ezinbestekoak dira. Egia da gauza asko legez arautu daitezkeela, baina ez badago kontzientziaziorik, ez dira barneratzen, zigorrak jarri arren.
Lan harremanetan eta enpleguan aldaketa kultural handia behar dela esan izan duzu. Nolakoa?
Lan harremanek modernoagoak izan behar dute, eta harreman horietan negoziazio kolektiboak garrantzitsuagoa izan behar du. Lan orduetatik eta soldatatik haratago joan behar da. Negoziazio kolektiboan sartu behar dira lan osasuna, lana eta familia bateratzeko neurriak eta berdintasuna. Hau da, bizi-kalitatea hobetu eta lanaren kalitatean eragiten duten faktoreak. Beharrezkoa da elkarrizketa sozial gehiago eta langileen parte-hartze handiagoa.
Iazko azken hiruhilekoko datuak ikusita, Eustaten langabeziari buruzko estatistikak zalantzan jarri zituen Lan sailburuordeak. Zuk sinesten al dituzu?
Betidanik sortu da eztabaida Eustaten eta INEren datuen artean. Azken hiruhilekoko datuak izan dira antzekoenak, alde handiagoa zegoen aurreko bi hiruhilekoetan. Inkestak dira. Inkestak buruan izatea gustatzen zait, baina batez ere enplegu eskaerarena, enplegu zerbitzuetatik pasatzen direnena.
Eustaten inkesta aldatu behar da?
Elkarrizketa sozialean ikusi behar dugu bakoitzaren jarrera zein den, inkesta bat edo bi behar ditugun. Emaitzak zehatz mehatz aztertu behar ditugu.
Administrazio guztiak murrizketak aplikatzen ari zarete, defizita eta zorra gutxitzeko. Oso gutxi hitz egiten duzue diru sarrerak handitzeko bideez. Noizko zerga politikaren erreforma?
Egiteko dago. Europako herrialde aurreratuenen pareko ongizate estatua nahi badugu, zerga politikak ere parekoa izan behar duela planteatu behar dugu.
Gemma Zabaleta. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburua
«Lana lortzeko tranpolina ematea da gizarte babes onena»
Gizarte laguntzak bai, baina ahal dutenen kasuan, lana bilatzeko eta norbere burua prestatzeko ahaleginen truke. Hori da Gemma Zabaletak etorkizunera begira ezarri nahi duen politikaren oinarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu