Urtearen hasieran moteldu egin da ekonomiaren hazkundea, eta horrekin batera okertu dira lan merkatuaren datuak ere. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, 2023. urteko lehen hiruhilekoan 126.400 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, 2022ko azken hiruhilekoan baino 3.500 langabe gehiago. INEren biztanleria aktiboaren inkestak erakutsi du lan munduan arrakala handia dagoela gizonen eta emakumeen artean: emakume gehiago daude langabezian, behin-behinekotasun handiagoa dute kontratuetan, eta lanaldi partzialeko enpleguen hiru laurden haientzat dira.
Emakumeek lanaldi partzial gehienak betetzen ez dituztela ez da, berez, gauza berria. INEren serieak 2002ko lehen hiruhilekora egiten du atzera, eta orduan lanaldi osorik ez zutenen %86,6 ziren emakumeak. Orduz gero gertatu den aldaketa nagusia da lanaldi partziala zabaldu egin dela: %9,9 ziren 2001ean, eta %16,1era iritsi da 2023an. Ia 200.000 langile dira.
Hego Euskal Herriko langileen %83,9k dute lanaldi osoa, baina kopuru hori %92,6ra igotzen da gizonen kasuan. Emakumeen %74,2k dute lanaldi osoa.
Okupazioan, hamar puntu gutxiago
Emakume landunen kopurua gora egiten ari da gutxika-gutxika, baina oraindik haien erdiak baino gutxiago ari dira ordaindutako lan batean. Zehazki, 16 urtetik gorako emakumeen %46,7k dute lana; gizonen artean %56 dira. Egoera okerragoa zen duela 21 urte. 2002ko lehen hiruhilekoan, %38ra ez zen iristen emakumeen enplegu tasa; gizonezkoena %63 izateak erakusten du orduz gero asko ugaritu direla erretiratuak.
Urteko lehen hiruhilekoan gertatu den langabeziaren hazkundea ere emakumeen bizkar iritsi da: 68.200 daude lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 6.500 gehiago. Gizonen artean, berriz, 58.200 dira langabeak, 3.000 gutxiago.
Lurraldeen artean ere desoreka handia ikusi du INEren biztanleria aktiboaren inkestak. Langabeziak gorakada handia izan du Nafarroan (+6.400), eta apalagoa Bizkaian (+1.500). Behera egin du, ordea, Gipuzkoan (-2.200) eta Araban (-2.400).
Baina aldaketa handiena landunen kopuruan izan da. INEren arabera, 1.264.000 herritar okupatu zeuden urte hasieran Hegoaldeko lau probintzietan, hiru hilabete lehenago baino 13.000 gutxiago.
INEk dioenez, landunen kopurua batez ere industrian (-10.600) eta eraikuntzan (-3.000) apaldu da. Bi sektore horietan batez ere gizonezkoak aritzen direnez, okupazioaren jaitsiera batez ere gizonezkoei dagokie (-11.100). Zerbitzuetan, berriz, okupatuen kopuruak igoera txikia izan du (+800).
Langileen %17 aritzen dira sektore publikoan, eta gainontzekoak, pribatuan.
Mugagabe gehiago
Horrenbestez, Hego Euskal Herrian langabezia tasa %9,3koa da. 2022ko azken hiruhilekoan %9koa izan zen, eta %9,1ekoa duela urtebete.<br />Duela urtebete indarrean jarritako lan erreformaren ondorioak ere ikusi daitezke: duela urtebete baino 49.800 langile gehiagok dute kontratu mugagabea. %76,1 ziren 2022ko lehen hiruhilekoan, eta %81 ziren 2023 hasieran. Horretan ere emakumeak galtzaileak dira: behin-behineko langileak %22,6 dira haien artean, eta %15,7 gizonen artean.