Lanbideren bidez enplegua edo gizarte laguntzak eskatzen dituzten herritar guztiak hatz marka digitalaren bidez identifikatuko dituzte. Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) egokitzeko neurri sorta baten barruan iragarri du Enplegu Sailak. Proba egingo dute ekainetik aurrera enplegu zerbitzuko bulego batean, baina asmoa da urtea amaitu baino lehen sare osora hedatzea kontrol sistema berria.
Tramite guztietarako erabiltzea beharrezkoa izango ez bada ere, aurrerantzean hatz marka izango da Lanbideren barruan identifikatzeko modua. Enplegu bila ari diren 280.000 lagun daude erroldatuta, 64.000 onuradun ditu orain DSBEk, eta 850 langile ari dira zerbitzuan. Guztiek eman beharko dute hatz marka. Beatriz Artozabal Enplegu sailburuak argudiatu du administrazioarekin harremanak «azkartzeko» tresna izango dela.
Izenpe ziurtagiri eta sinadura digitala kudeatzen duen enpresa publikoa ari da sistema garatzen. Eusko Jaurlaritzarekin tramiteak egin nahi dituen herritar orori eskainiko zaio aurrerago identifikatzeko aukera gisa, baina enplegu zerbitzuan nahitaezkoa izango da. Dagoeneko hainbat enpresa eta erakunde publikotan hatz marka erabiltzen dutela kontuan hartu dute. Esaterako, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Institutuan eta Gasteizko Udalean langileen sartu-irtenak kontrolatzen dira bitarteko horrekin.
Identifikazio tresna biometrikoen erabilerak eztabaida piztu du segurtasunari eta pribatutasunari dagokionez. «Izenpek eskaintzen dizkigu gaur egun beharrezkoak ditugun segurtasun baldintza guztiak», ziurtatu du Artolazabalek. Borja Belandia Lanbideko zuzendariak onartu du «arrisku batzuk» badituztela halako sistemek, baina egokienak iruditzen zaizkio, herritar orok erabiltzeko modukoak direlako. «Denok dakigu hatz marka jartzen. Gakoak, ontzi jokoak eta antzekoak dituzten sistemak hesi teknologikoa dira erabiltzaile askorentzat».
Joan den legealdian, PPk errenta kobratzeko eta kontrolatzeko baldintzak gogortzeko aldaketak proposatu zituen. Besteak beste, hatz marka digital bidezko identifikazio sistema eratzeko eskatu zuen Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak, «teknikoki eta juridikoki beharrezkoa den kasuetan». Enplegu Sailak urrats bat gehiago egin du, erabiltzaile guztiak derrigortuta. Sailburuak adierazi zuen, haatik, PPrekin aste hasieran sinatu zen aurrekontu akordioak ez duela neurriekin zerikusirik.
Hatz marka digitala ezartzeko erabakiak alderdien erreakzioa piztu zuen. PPren ustez, Jaurlaritzaren neurriak «bi urte berandu» iritsi dira. Hatz markaren erabilerarekin «begi bistakoa dena» onartu du gobernuak.
«Kriminalizazioa»
Oposizioak ez du neurria begi onez hartu. EH Bilduren ustez, DSBEren onuradunen «kriminalizazioa» bultzatzen du identifikazio berriak, eta datu objektiboek ez dute justifikatzen. Sailaren arabera, joan den urtean propio egindako 392 iruzur kasu egon ziren laguntza sisteman, eta beste 824 kasutan erabilera bidegabea egin zen. «Ez dira %1era iritsi», Artolazabalen hitzetan.
Elkarrekin Podemoseko Tinixiara Guanche legebiltzarkideak«PPren mezua erostea» leporatu dio Jaurlaritzari. Koalizioak ez du uste neurriak Lanbideren kudeaketa hobetzeko balio duenik.
Lanbidek hatz marka exijituko die haren zerbitzuko erabiltzaile guztiei
Tramiteak «azkartzeko» modu gisa aurkeztu du Jaurlaritzak, diru sarrerak bermatzeko errentaren kontrola handitzeko neurri sorta baten barruan. Urtea amaitu aurretik ezarri nahi dute sistema

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu