Ez dira apokalipsiaren tronpetak, baina zarata gorgarri berbera egiten dutela esan liteke. Arabako nekazarien klaxonen burrunba ikaragarriarekin bete dira, hain zuzen, Gasteizko kaleak, Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak (Ataca) deituta protesta egin baitute gaur, Eusko Jaurlaritzari EAE «lehorte eremua» izendatzeko eskatzeko, baita lehen sektoreari laguntzeko «berehalako neurriak» eskatzeko ere.
Ez du zerikusirik izan gaurkoak urtarrilean eta joan den urtean Euskal Herriko hiriburuetako errepideak kolapsatu zituzten traktore martxekin. Orduko hartan, Gasteizko etorbide zabaletan, begi hutsez ezin zen ikusi dozenaka traktorek osaturiko lerroak norainokoak ziren; gaurkoan, berriz, 30 bat traktorek egin dute Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arteko martxa.
Izan ere, Arabako lehen sektorearen gehiengoa ordezkatzen duen taldeak, UAGAk, ez du oraindik mobilizazioen aldeko hautua egin: Eusko Jaurlaritzarekin «negoziatzen» ari dira, elkartearen iturriek diotenez, lehorteak abeltzaintzan eta nekazaritzan dituen ondorioei aurre egiteko. Atacakoen ustez, ordea, jauregiko hartu-emanak astiroegi doaz, eta protesta egitera irten dira, landa eremuaren «muturreko egoera» salatzeko.
Larreak idor, poltsikoak ere bai
Klaxon hotsak isildu direnean, egoeraren erretratu apokaliptikoa egin du Raul Beitiak, Atacako presidenteak. «Inoiz ez dugu horrelako egoerarik ikusi: uztailetik bertatik larreak eta mendiak lehor-lehor eta belarrik gabe egotea». Egoerak abeltzaintzari eragiten dio batez ere. «Abereek ez dute zer jan, eta abeltzainek agortu dute jada negurako gordeta zeukaten bazka. Abeltzaintza mota guztiei egingo die kalte egoera honek; kontu larria da», azpimarratu du Beitiak.
«Inoiz ez dugu horrelakorik ikusi: uztailetik bertatik larreak eta mendiak lehor-lehor eta belarrik gabe egotea. Kontu larria da»
RAUL BEITIA Atacako presidentea
Abeltzainei soilik ez, nekazariei ere eragiten die egoerak. Osabak Okinan (Bernedo, Araba) duen lursailetan egiten du lan Gaizka Donaire Polo laborari gazteak. Haren hitzetan ere, larritzekoa modukoa da egoera: «Maiatzetik dugu lehortea, eta horrek zekaleen uztari eragin dio: guk garia eta bestelakoak pisura saltzen ditugu, eta, klima zenbat eta lehorragoa, zekaleak pisu gutxiago hartzen du, eta, beraz, irabazi gutxiago guretzat». Zekaleen prezioa jada aski baxua den honetan, lehorteak ez die onik egin halakoak landatzen dituzten nekazariei.
Zuzeneko laguntzak
Lehortea ez da, ordea, kezka bakarra. Nazioarteko egoera ezegonkorrak eragindako tirabirak ere salatu ditu Donairek: «Leku guztietan gerra da, eta horrek gure hornidura kateari eragiten dio. Gasolina, ongarriak... Denaren prezioa doa gora, eta, martxa honetan, ez dugu ekoizpen gastuak estaltzeko beste irabazirik aterako. Egoera kaka zaharra da, finean, eta erakundeek ez badigute behar bezala laguntzen, nekazariok asko sufrituko dugu».
«Egoera kaka zaharra da, finean, eta erakundeek ez badigute behar bezala laguntzen, nekazariok asko sufrituko dugu»
GAIZKA DONAIRE Nekazaria
Egoera horri aurreko egiteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «lehorte eremu» izendatzeko eskatu dio Atacak Eusko Jaurlaritzari. Neurri horren beharra defendatu du Beitiak: «Izendapen horren bitartez, nekazari eta abeltzainei errazagoa izango zaie zuzeneko laguntzetara iristea, eta horixe da behar duguna, egoera honetan berehalako erantzunak behar baitira». Horretaz gain, «kanpoko produktuen» eta «burokratizazioaren» harira sektorea babesteko neurriak ere eskatu dizkio Atacak erakundeei.