Eustati erreparatuz gero, %4,9ra jaitsi zen EAEn langabezia tasa, lan bila ari ziren pertsonen kopurua ia heren bat (%30,55) apaldu baitzen. Zehazki, 21.600 langabe gutxiago zenbatu zituen joan den urteko azken hiruhilekoan. Izan ere, 2004ko abenduan 70.700 lagun ari ziren behar bila.Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru herrialdeetan pertsona gutxiago ari ziren 2005ean lan bila. Jaitsiera handiena Gipuzkoan izan zen (-%3,5), nahiz eta Araban ere esanguratsua izan zen murrizketa (-%2,6). Bizkaian, berriz, %1,1 gutxiago ziren langabeak. Zehazki, Araban 3.700 pertsona lan bila ari ziren, eta %2,5era jaitsi zen langabezia tasa. 34.700 langabe zeuden Bizkaian (%6,7ko langabezia tasa) eta 10.700 Gipuzkoan (%3,2ko langabezia tasa).Adinari erreparatuz gero, berriz, 24 urtetik beherako gazteen langabezia tasak egin zuen behera gehien (-%7,5), nahiz eta artean ere, tasa altuena izan (%11,4). 25 eta 44 urte artekoen artean %5,8koa zen langabezia tasa, eta %2koa 45 urtetik gorakoena. Ohiko legez, gizonak baino (%4,3) gehiago ziren lan bila ari ziren emakumeak (%5,7). Bien langabezia tasak bi puntu egin zuen behera.EAEn 951.500 lagunek ziharduten beharrean iaz, aurreko urtean baino %1,1 gehiagok. Bizkaikoak ziren erdia baino gehiago (486.600 pertsona), igoera handiena Gipuzkoan izan bazen ere (+%2,9). Langileen bi herenek zerbitzuetan jarduten zuten, laurden batek industrian, %9,24k eraikuntzan eta %1,11k lehen sektorean.
Behin-behinekotasunean, EBko tasaren bikoitza
Langabeziak behera egin arren, ELA ez dago pozik. «Ekonomia asko hazten ari den arren, enpleguak ez dira hein berean sortzen», salatu zuten. Izan ere, enpleguen %1,1 iaz sortu ziren, baina ekonomia %3tik gora hazi zela oroitu zuen sindikatuak.
Era berean, lan postu berrien baldintza prekarioak arbuiatu zituen. Behin-behineko kontratuak dituzten langileak iaz 13.500 gehiago zirela jakinarazi zuen; 246.800 guztira. «Edo are okerrago, lan kontraturik gabe daudenak ere izango dira horien artean».Gauzak horrela, EAEko behin-behinekotasun tasa 0,8 puntu igo zen, %31,6raino. Europako Batasuneko tasaren bikoitza da hori. «Ekonomia nabarmen hazten ari delarik, egoera hori onartezina da».
Datua
11.300
Lan egiteko moduan diren senide guztiak langabezian dituzten familiak 11.300 dira EAEn, 2004ko abenduan baino 3.600 gutxiago. Senide guztiak lanean ari diren familiak 492.200 dira, aurreko urtean baino 5.400 gehiago.