Langabe kopuruak 100.000ren langatik behera egin du Hego Euskal Herrian

99.900 langabe kontatu ditu INEk hirugarren hiruhilekoan, eta langabezia tasa %7,1ean geratu da. Landunen kopuruak ere gora egin du.

Industrian aspaldiko landun gehien zenbatu dira. ARITZ LOIOLA / FOKU
Industrian aspaldiko landun gehien zenbatu dira. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko urriaren 24a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enpleguarentzat datu onak ekarri ditu aurtengo lehen hiruhilekoak. INEk bigarren hiruhilekoarekin alderatuta 2.200 landun gehiago zenbatu ditu, eta 3.700 langabe gutxiago. Guztira 99.900 langabe daude Hego Euskal Herrian. Eta lanik gabekoen kopurua 100.000ren langa horretatik behera ikusteko 17 urte egin behar da atzera, 2008. urtera.

Hala ere, langile aktiboen kopuruak behera egin du (-1.600), eta eten egin da iazko urtearen amaieratik luzatu den goranzko bolada. Horiek horrela, langabezia tasa %7,1ean kokatu da bigarren hiruhilekoan, lehen hiruhilekoko %7,7tik eta bigarreneko %7,3tik azpira.

Herrialdeka, aldaketak gertatu dira langabezia tasa horretan. Araban %7,7ra igo da, %6,9tik; baina, hala ere, iazko hirugarren hiruhilekoko %9,4tik oso behera jarraitzen du.

Gipuzkoan gertatu da beste aldaketa handia, langabezia atzera %6ko langara hurbildu baita (%6,3), bigarren hiruhilekoko %7,3tik. Esan daiteke azken datu hori ezohikoa izan dela, eta tasa bere nolabaiteko ohiko mailara itzultzen ari dela; izan ere, urteko lehen hiruhilekoan %6,5 izan zen langabezia tasa Gipuzkoan, eta %4,7 iazko azken hiruhilekoan.

Bizkaian eta Nafarroan aldaketak apalagoak izan dira langabezia tasetan. Bizkaian %7,2ra igo da tasa, bigarren hiruhilekoko %7,1etik. Nafarroan, aldiz, jaitsiera gertatu da %7,9tik %7,3ra.

Sexu arrakala

Beti bezala, INEren inkestak Hego Euskal Herrian zenbatutako 99.900 langabeetatik gehienak emakumeak dira, 58.900, eta gizonak 40.900. Emakumezkoen langabezia tasa %8,6ra igo da, bigarren hiruhilekoko %7,9tik. Gizonezkoen langabezia tasa, berriz, %6ko langatik behera, %5,6an kokatu da.

Emakumezkoei begira, beste datu esanguratsua lanaldiarena da. Hego Euskal Herrian, gizonezko landunen %7,5 ari dira lanaldi partzialean jardunean. Aldiz, bost emakume landunetik bat ari da lanaldi partzialean, %22,7 zehazki.

Sektoreka, interesgarria da ikustea INEren inkestaren arabera landunen tasak gora egin duela industrian, %22,8ra. Bigarren hiruhilekoan baino 18.300 landun gehiago zenbatu dira industrian hirugarren hiruhilekoan, 300.600 pertsona guztira, eta sektore horretan aspaldian izan den landun kopururik handiena da hori.

Gabeziak

Langabezia datuen irakurketa kritikoa egin dute sindikatuek. LABek adierazi du emaitzek oro har hobera egin duten arren, jarduera tasa oraindik ere oso baxua dela (56,25%), eta emakumeen egoerak bereziki kezkagarria izaten jarraitzen duela, batez ere sektore feminizatuen «prekarietatearengatik» eta lanaldi partzialen eraginez. Horrekin batera, nabarmendu du gazteen eta migratzaileen artean langabezia tasak jaitsi badira ere, hori ez dela hobekuntza egonkor baten isla, baizik eta udako behin-behineko kontratazioen ondorio zuzena. Hori guztia kontuan hartuta, LABen ustez, lan baldintzak duintzeko beharrezkoa da Hego Euskal Herriak SMI edo gutxieneko soldata propio bat izatea.

CCOOren arabera, oraindik ere badago lan asko egiteko lanpostuen egonkortasunean eta soldaten berdintasunean. Azpimarratu du enpleguaren hazkundeak ez duela eragin bera gizonen eta emakumeen artean, eta neurriak behar direla horri aurre egiteko. Halaber, uste du soldatak igotzea eta lanaldiak murriztea ezinbestekoa dela langileen bizi kalitatea hobetzeko. UGTk aitortu du enpleguaren bilakaera positiboa dela, baina ohartarazi du genero arrakalak eta epe luzeko langabeziak oraindik «erronka handiak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.