Elur malutak nola, eurogunean nahiz AEBetan langabeak pilatuz doaz pixkana. Langabezia ari du: Eurogunean %9,5koa da jada eta, abenduan, 85.000 enplegu suntsitu zituen munduko ekonomia nagusiak. Espero baino gehixeago da hori, eta %10ean da AEBetako langabezia tasa. Eguerdian berri txarra digeritu eta eguna amaitzerako, giroa bezalaxe, goxatu egin ziren gure indizeak. 2.669 milioiren salerosketa prezipitazio polita den arren, %0,03 baino ez zen mugitu Ibex-35; beherantz mugitu ere, maluten gisan. Bertangoxo, beraz. Edurnezurik (-%1,75) galdutakoa bankuek orekatu zuten, Santander (+%0,34) eta BBVA (+%0,77) handiek, nahiz Banestok (+%4,73). Energia berriztagarriaren ufadek Acciona (+%3,06) eta Renovables (+%2,82) hartu zituzten, itsasoko energia eolikoen egitasmoen harira eta Sacyrren (+%7,05) kurrinkak eraikuntza enpresen aldeko antizikloian topatu behar. Sektoreko FCCk (+%1,47) eta ACSk (+%2,48) ere pilatu zituzten irabaziak.
ReyalUrbis. Reyal Urbis etxebizitza eta eraikuntza enpresaren akzioak %45 egin zuen gora atzo, etenik gabeko merkatuko igoerarik handiena. 4.500 milioiren zorra du enpresak eta birnegoziatze prozesua amaitzear egon liteken usteak lehertu egin zuen bere akzioaren kotizazioa eta, bide batez, baita antzeko egoeran legokeen Metrovacesarena (+%12,59) ere. Zorraren hartzekodunek euren eskubideen murrizketaren bat onartzen duten heinean, akziodunen eskubideek (akzioak) balio handiagoa izango lukete. Handiagoa bai, noski, baina sektorearen testuinguru larrian, bistan denez.
Langabeak mara-mara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu