Urteetako joera hautsi du ekain honek langabezia kopuruetan: maiatzean baino 503 langabe gehiago izan dira, eta, 2020. urteaz geroztik lehen aldiz, langabeziak gora egin du ekain batean Hego Euskal Herrian. Deigarria da datua; normalena, izan ere, langabeen kopuruak hilabete horretan behera egitea izaten da, udari begira egindako kontratazioen ondorioz. Hori gertatu izan da, hain zuzen, azken hamabost urteetan, 2020ko ekaineko langabeziaren igoera hura salbuespen bakarra baitzen, orain arte.
Kopuruei begira, aldea nabarmena da, esaterako, iazko ekainarekin alderatuta: orduko hartan langabeen kopurua ia 2.000 pertsona apaldu zen hilabetean, eta orain, aldiz, bostehun gehitu dira langabeen zerrendatara Lanbiden eta Nafar Lansaren.
Urte arteko alderaketan ere, langabeen zenbatekoan igoera izan dela ageri da, iazko ekainean baino 902 langabe gehiago baitaude. Sektorekako begiradan, aurretik enplegurik ez zutenak dira gehienak langabeen kopuruaren igoera horretan. Izendapen horretako 497 langabe gehiago ziren ekainean maiatzean baino.
Zerbitzuen sektorean gertatu da langabeen beste igoerarik handiena: 177 pertsona gehiago. Datu horretan, hala ere, azpimarratzekoa da igoerak Bizkaian (+258) eta Gipuzkoan (+258) gertatu direla, eta, aldiz, langabe kopuruek behera egin dutelako Arabako eta Nafarroako zerbitzuetan.
Industrian, berriz, lurralde guztietan izan dira jaitsierak, eta maiatzean baino 163 langabe gutxiago daude sektore horretan erregistratuta.
DATUAK
Â%14Â
Aurretik enplegurik ez zutenen pisua langabe guztien kopuruan Guztira, 132.521 pertsona daude langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Zerbitzuen sektorekotzat hartzen dira gehienak, ia %69, eta %14 dira aurretik enplegurik ez zutenak. Industria sektorekoak dira langabeen %10 inguru, eraikuntzakoak %4,75, eta nekazaritzakoak %2,14.
%20,9Â
Zenbat langabek jasotzen duten subsidioa Martxotik apirilera ia bikoiztu egin zen subsidioa jasotzen duten langabeen kopurua, %11tik %20 ingurura. Zenbateko hori mantendu egin zen maiatzean. Subsidioa 570 eurokoa da lehen sei hilabeteetan, 540 hurrengo sei hilabeteetan, eta 470 euro hortik aurrera. Langabezia sari arrunta, berriz —norberaren soldatari lotuta dagoena—, langabeen %31k eskuratu zuten maiatzean.
Â
Lurraldekako begiradan, aipatzekoa Araba da, han soilik egin baitu behera langabeziak ekain honetan, bai maiatzarekin alderatuta (-157), bai aurreko ekainarekin alderatuta ere (-504).
Langabezia, dena den, ez da igo kontratazio gutxiago egin direlako. Are gehiago, ekainean maiatzean baino 24.000 kontratu gehiago egin dira, udari lotutako jarduerak abiatu diren seinale. Guztira 113.812 kontratazio izan dira, iazko ekainean baino %9,66 gehiago.
Kontratu guztien laurdenera ez dira iristen kontratu finkoak (%23,15), eta, beraz, kontratazio mota horrek azken hilabeteetako antzeko portzentajeetan jarraitzen du.
Afiliazio datu onak
Ekainean langabeen kopuruak gora egin arren, aldi berean, enpleguak joera ona izan du Hego Euskal Herrian, eta Gizarte Segurantzan kotizatzen duten afiliatuen kopuruak berriz ere azken hamarkadatako kopururik handiena iritsi du: 1.367.929 afiliatu.
Ekainean zenbatutako afiliatuak maiatzean kontatutakoak baino 2.861 gehiago izan dira, eta kotizatzaileen kopuruak 22.521 pertsona egin du gora iazko ekainetik. Igoera horren parterik handiena erregimen orokorrak hartu du, baina igoerak izan dira beste erregimenetan ere, nekazaritzan izan ezik, erregimen horretako kotizatzaileak gutxitu egin baitira hilabete batean (-811).
Kezka
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren arabera, EAEko datuek «seinale mistoak dituen lan merkatu bat erakusten dute: langabeziaren gorakada txiki bat, kontratazioaren dinamismo handia, eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren gorakada handia, Euskadiko enpleguaren bilakaerari eusten dioten egonkortasun adierazleekin batera».
ELA sindikatua, berriz, kezkatuta agertu da ekain batean langabeziak gora egin duela ikusita, geldialdia iritsi ote den enpleguan: «Ekainean, oro har, datu onak izaten dira, udako denboraldia hasten delako. Hala ere, aurten langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian». Nabarmendu du, gainera, igoera hori emakumeen artean gertatu dela, 580 emakume gehiago daudelako langabezian, «eta, aldiz, gizonen langabeziak ez du aldaketarik izan».