Hegoaldeko baterako langabe kopurua urrian hazi egin zen arren, behera egin zuen Araban eta Nafarroan. 68 langabe gutxiago zenbatu zituen INEMek Araban joan den hilabetean eta 288 gutxiago Nafarroan. Bizkaian eta Gipuzkoan, aitzitik, %8,09raino eta %5,95eraino hazi zen langabezia tasa.Jose Maria Roig Aldasoro Nafarroako Lan zuzendariak herrialdeko langabeziaren datua «positiboa» dela azpimarratu zuen. «2003. urtearen erdialdetik hasitako bilakaera baikorra sendotzen ari da». Gaineratu zuenez, urriko langabezia tasa orokorraren eta emakumeen tasaren datuak inoizko bigarren onenak dira». Nafarroako emakumeen langabezia tasa %9,89koa izan zen urrian. %10etik behera dagoen bigarren aldia izan zen, beraz.«2001. urtetik kopuru osoaren murrizketarik handiena joan den hilabetean gertatu» zela berretsi zuen Roigek. Era berean, «emakumeen eta gizonen arteko aldea murrizteko lan egingo» dutela azpimarratu zuen.Lan kontratuen inguruan ez zituen horren adierazpen baikorrak egin. «2004ko urtarriletik egindako lan kontratuen %9,5 baino ez dira behin betikoak». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, urrian eginiko 68.175 kontratuen 4.731 baino ez ziren behin betikoak izan.Gizarte Segurantzan izena emandakoen kopuruak, berriz, gora egin zuen Hego Euskal Herriko herrialde guztietan. Iraileko datuekin alderatuz gero, Nafarroan izan zen hazkuntzarik handiena; %1,17koa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %0,91, %0,67 eta %0,83 hazi ziren, hurrenez hurren, izena emandakoen kopuruak.Espainiako langabeen kopurua, berriz, 1.648.972raino hazi zen. Irailean baino 30.557 langabe gehiago zenbatu zituen, beraz, INEMek urrian irailean baino. Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak azpimarratu zuenez, «aurreko urteetako hilabete bereko langabezia baino txikiagoa denez, bilakaera positiboa da». Jesus Caldera Lan ministroak ideia bera azpimarratu zuen: «Hazkuntza askoz txikiagoa izan da».
-
ALEMANIA
Langabeen kopurua 4,457 milioira iritsi da
Alemaniako Enplegu Agentzia Federalak onartu duenez, 12.000 langabe gehiago zenbatu zituen urrian; 4,457 milioi orotara. Irailean bezala, herrialdeko langabezia tasa %10,7koa zen urrian. Urte arteko langabezia, ordea, 0,6 puntu murriztu eta %10,1eraino jaitsi zen. Kopuru osoei dagokienez, lan bila ari zirenen kopurua 55.302 lagunetan hazi da Enplegu Agentzia Federalaren arabera.
Ekialdeko eta mendebaldeko Alemaniako datuen aldea nabarmena da. Ekialdean, %17,5eraino iritsi zen aurreko hilabetean urte arteko hazkuntza. Mendebaldeko tasa, ostera, %8,2koa izan zen. Frank Weise agentziako presidentearen esanetan, «artean ere, ezin da baieztatu lan merkatuak noranzkoa aldatu duenik». «2005ean 15.000koa izango da soilik langabe kopuruaren murrizketa», iragarri zuen.