Ohi bezala, udan uzkurdura izan da Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Uztailetik abuztura, 1.939 langabe gehiago zenbatu dituzte Lanbide eta Lansare enplegu zerbitzu publikoek, eta Gizarte Segurantzan 11.056 afiliatu gutxiago daude izena emanda. Guztira, 136.372 langabe daude, eta 1.354.557 afiliatu. Oro har, iazko abuztua baino hobea izan da aurtengoa. Orduan lanpostu gehiago suntsitu ziren. Iazko abuztuan baino 1.187 langabe gutxiago daude orain, eta 32.677 afiliatu gehiago.
Udan, hainbat jardueratan kontratuak eten edo amaitzen dira. Hezkuntzarekin lotutako hainbat lanpostutan, adibidez: ikastetxeetako eta akademietako irakasle batzuk, jantokietakoak, garraiokoak eta garbiketakoak, besteak beste. Baina irailean, ikasturte berriarekin batera, langile horietako askoren kontratazioa berriz aktibatzen da.
Horrekin batera, udako jarduerarekin lotutako beste zerbitzu batzuetan ere kontratuak amaitzen dira abuztu amaieran. Horregatik, hil horretako langabeziaren eta afiliazioaren datuek urteroko joerak baino gorabehera handiagoak izaten dituzte.
%19,8Iaztik zenbat handitu den Europako Batasunetik kanpoko langileen kopurua.Â
Uztailaren amaieran —abuztuko daturik ez dago oraindik— Europako Batasunetik kanpoko 129.773 langile zeuden Hego Euskal Herrian —hamar langiletik bat ia (%9,6)—, iazko ekainean baino 21.458 gehiago (+%19,8).
Â
Aurtengo uda Espainiako Gobernuak bultzatutako migratzaileen ohiz kanpoko erregularizazio prozesuak baldintzatu du. Ekainean amaitu zen, eta Hego Euskal Herrian 64.000 pertsonak eman zuten izena. Ezinezkoa da jakitea haietatik zenbat afiliatu diren Gizarte Segurantzan, baina prozesuaren eragina antzeman daiteke dagoeneko; ez asko, ordea. Maiatzean eta ekainean, ohi baino gehiago handitu zen —iazko maiatzean eta ekainean baino 3.000 eta 2.700 afiliatu gehiago, hurrenez hurren—, eta uztailean eta abuztuan afiliazioaren jaitsiera ere txikiagoa izan zen beste urte batzuetakoekin alderatuta: 4.000 eta 6.000 afiliatu gutxiago, hurrenez hurren.
Abuztuko langabeziaren igoera Hegoaldeko lau lurraldeetan islatu da, gainera. Araban 210 langabe gehiago daude;Â Bizkaian, 677 gehiago; Gipuzkoan, 371 gehiago;Â Nafarroak izan du igoerarik handiena, 681 langabe gehiago.
Urte arteko bilakaeran, berriz, bi errealitate bereizten dira. Araban 504 langabe gutxiago daude 2025eko abuztuarekin alderatuta; Bizkaian, 954 gutxiago; Gipuzkoan, 863 gutxiago. Nafarroan, berriz, iazko abuztuan baino 1.134 langabe gehiago daude. Hego Euskal Herriko guztizko saldoa, hala ere, negatiboa da: 1.187 langabe gutxiago, iaz baino %0,9 gutxiago.
Zerbitzuak, eragile nagusia
Batez ere zerbitzuetan igarri da abuztuko igoera. Hego Euskal Herrian 1.013 langabe gehiago daude sektore horretan, aurreko hilabetean baino. Baina gainerakoetan ere egin du gora: industrian 388 langabe gehiago daude; eraikuntzan, 187 gehiago; eta aurretik enplegurik izan ez dutenen taldean 434 gehiago. Lehen sektorea da salbuespen bakarra: 83 langabe gutxiago zenbatu dituzte.
Ohi bezala, emakumeak gehiengoa dira langabeen artean: hamarretik sei ia. Baina abuztu honetan andre eta gizonen artean antzera egin du gora. 80.309 emakume daude langabe gisa erregistratuta, %58,9; uztailean baino 968 gehiago. Gizonen artean, berriz, 56.063 langabe daude, %41,1, aurreko hilean baino 971 gehiago.
Afiliazioak ere behera egin du abuztuan. Hego Euskal Herrian 1.354.557 pertsona zeuden Gizarte Segurantzaren sisteman, uztailean baino 11.056 gutxiago. Beherakada ia osorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu da: 11.018 afiliatu gutxiago daude, eta Nafarroan, berriz, 38 gutxiago.
Hilabeteko jaitsiera gorabehera, urte arteko bilakaera sendoa da oraindik. Hego Euskal Herrian 32.677 afiliatu gehiago daude 2025eko abuztuarekin alderatuta.Â
Erregimen orokorreko afiliazioak behera egin du abuztuan. Hego Euskal Herrian 1.138.106 langile zeuden erregimen horretan, uztailean baino 10.520 gutxiago. Autonomoen kopurua ere apaldu da: 482 gutxiago;Â guztira, 212.571 daude.
Dena den, 2020ko pandemiaren etenaldiaren ostean, afiliazioaren serieak goranzko bidea egin du etengabe. Aurtengo ekainean jo zuen goia, 1.367.929 langilerekin.
Aldi baterakoak
Lan kontratuetan ere beherakada handia egon da: uztailean baino 21.830 gutxiago sinatu dira, 79.970 guztira. Dena den, iazko hilabete berean baino 12.007 gehiago dira; %17,7ko igoera da izan da urtebetean.
Kontratu motari dagokionez, 16.948 mugagabeak izan dira, kontratu guztien %21,2. Aldi baterakoak, berriz, 63.022 izan dira, %78,8. Beste era batera esanda, abuztuan sinatutako bost kontratutik ia lau aldi baterakoak izan dira.
Langabezia prestazioei dagokienez, 76.470 langabek jaso dute prestazioren bat uztailean Hego Euskal Herrian. Horietatik 50.060k prestazio arrunta jaso dute, eta 26.393k subsidioa. Beste hamazazpi lagunek bestelako prestazioren bat jaso dute. Guztira, langabeen %56,9k jaso dute prestazioren bat; 57.963 lagun, berriz, prestaziorik gabe geratu dira.
Balorazioak
Sindikatuen arabera, abuztuko datuek lan merkatuaren udako ohiko apaltzea baino gehiago islatzen dute. ELAk eta LABek azpimarratu du langabeziak hirugarren hilabetez jarraian egin duela gora, eta bereziki kezkagarritzat jo du gazteen, emakumeen eta migratzaileen langabeziaren bilakaera eta behin-behinekotasuna; enpleguaren «prekaritatea» egiturazkoa dela nabarmendu dute.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, adierazi du jaitsiera hori aurreko urteetan baino txikiagoa izan dela, eta urte arteko datuei erreparatu die lan merkatuaren «sendotasuna» azpimarratzeko.
Nafarroako Gobernuak atzerritarren ohiz kanpoko erregularizaziorekin lotu du langabeziaren igoera; nabarmendu du lan merkatuan pertsona gehiago daudela orain lanerako prest.