Langabezia jaitsi egin da ekainean, baina afiliazioaren igoera eten

Ekainean soilik 123 afiliatu batu dira Gizarte Segurantzara Hego Euskal Herrian; bitarte horretan, 1.999 langabe gutxiago erregistratu dira.

Industrian 191 langabe gutxiago zenbatu dira ekainean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Industrian 191 langabe gutxiago zenbatu dira ekainean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko uztailaren 2a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainean Hego Euskal Herrian erregistratutako enplegu datuei begiratuta, batzuk onak dira, eta beste batzuk ez horrenbeste. Batetik, maiatzean baino ia bi mila langabe gutxiago izan dira (-1.999), eta iazko ekainean baino 3.760 pertsona gutxiago daude Lanbideren eta Nafar Lansareren langabeen zerrendan. Bestetik, soilik 123 afiliatu gehiago zenbatu dira maiatzetik ekainera.

Egia da Gizarte Segurantzako afiliazioek inoizko kopuru handienaren marka hautsi duela beste behin ere, 1.345.268 afiliatu baitaude, baina esan daiteke uda iristean tupustean eten dela otsailetik afiliazioek zeramaten martxa ona, gorakada oso xumea izan baita.

Deigarria da hori kontuan hartuz gero ekainean berean ia bi mila langabe gutxiago zenbatu direla eta Hego Euskal Herrian guztira 103.795 kontratu egin direla.

Afiliazioaren geldialdiaren muinean Bizkaiko jaitsiera dago, ekainean 749 afiliatu gutxiago erregistratu baititu han Gizarte Segurantzak; gainerako herrialdeetan, aldiz, igo egin da afiliazioa; Gipuzkoan 584 afiliatu gehiago izan dira; Araban, 162 gehiago, eta Nafarroan, berriz, 127 gehiago.

Edonola ere, iaz baino 14.290 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan Hego Euskal Herrian.

Arrakala, oraindik hor

Langabeziaren datuei begira, gauza batzuk ez dira aldatzen, eta oraindik ere emakumeak dira langabeen zerrendako gehienak (%59). Emakumezko langabeak 77.628 izan dira ekainean, eta gizonezkoak 53.991.

Ia bi mila langabe gutxiago erregistratu dira, eta zerbitzuen sektoreak izan du pisurik handiena jaitsiera horretan, 1.345 langabe gutxiago zenbatu baitira hartan. Beherakada askoz ere apalagoa izan da nekazaritzan (-57), industrian (-191) eta eraikuntzan (-152).

Kontratuei dagokienez, nabarmena da ekaineko kopuru orokorra (103.795), baina horietatik soilik 21.241 izan dira mugagabeak, hots, guztien %20,5.

Eusko Jaurlaritzak ontzat jo ditu datuak: «Udako denboraldiaren hasieran langabeziak behera egin badu ere, datu horiek agerian uzten dute Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren bilakaera ona izan dela, bai langabeziaren apaltzeagatik, bai kontratazioaren etengabeko bultzadagatik. Era berean, urtetik urtera, langabeziak bederatzigarren hilabetez jarraian behera egiteko joera ere egonkortu egin da, eta joera horiek islatzen dute bilakaera zer-nolakoa den».

Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu Saileko ordezkarien ustez, «ez da sumatzen muga zergen gorabeherak eta gatazka armatuak direla-eta nazioartean piztu den ziurgabetasun ekonomikoaren inolako ondoriorik. 2013ko krisi ekonomikoaren gehienezko langabeziarekin alderatuta, Euskadik 70.622 langabe gutxiago ditu gaur egun, eta aurrerapen nabarmena izan da azken hamarkadan».

ELA sindikatuak, berriz, langabezian dauden herritarren «babesgabetasuna eta prekaritate kezkagarria» deitoratu ditu. «Langabezian izena emanda daudenen %55,1ek ez dute langabezia prestazio edo subsidiorik kobratu. Hirutik batek —%29,5ek— kobratu dute kotizaziopeko prestazioa —batez beste, 1.041 eurokoa EAEn, eta 1.047 eurokoa Nafarroan—, eta gainerakoek hilean 600 euroko subsidioa kobratu dute».

LABek ere uste du sortzen ari den «enplegua gero eta prekarioagoa» dela, eta industriaren egoerak «kalitatezko lanpostuen galera» eragiten duela. «Hego Euskal Herrian, bi herritarretik batek ez du bizitza duina bermatzeko adinako diru sarrerarik, enplegua izan arren», salatu du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.