Langabezia tasa %7,3ra jaitsi da Hego Euskal Herrian

INEren arabera, urteko lehen hiruhilekoan baino 4.500 langabe gutxiago eta 9.400 landun gehiago izan ziren bigarrenean. Ezohiko datu bat ere eman du INEk: Gipuzkoan eta Nafarroan baino langabezia tasa txikiagoa erregistratu du Bizkaian.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lanbideren bulego bat, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko uztailaren 24a
11:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Urratsez urrats hobera egiten ari dira lan merkatuari dagozkion datu nagusiak. Landunen kopurua gora doa, eta langabeena behera, estatistika ofizialen eta lan merkatuaren inguruko inkesten arabera, eta hori bera berretsi dute INEk gaur ateratako datuetan. Espainiako estatistika erakundearen arabera, urteko lehen hiruhilekoan baino 4.500 langabe gutxiago eta 9.400 landun gehiago izan ziren bigarrenean. Horrenbestez, langabezia tasa lau hamarren apaldu da, %7,3raino.

Baina INEren hiruhilekoko inkestan badira oso deigarriak diren datu batzuk, eta erakusten dute halako inkestak gorabeheratsuak izaten direla batzuetan. Inkesta horretan adierazi dutenez, Bizkaian baizik ez da txikitu langabeen kopurua (-9.800), eta Araban (+600), Nafarroan (+2.100) eta Gipuzkoan (+2.700), aldiz, handitu egin da. Horrek eragin du, esaterako, INEk Bizkaian langabezia tasa txikiagoa erregistratu izana (%7,1), Gipuzkoan (%7,3) eta Nafarroan (%7,9) baino.

Posible bada ere halako datu bat izatea, ez dator bat azken urteetako seriearekin. Hutsik egin gabe, Bizkaiak langabezia tasa handiagoa izan ohi du ekialderago dituen euskal lurraldeekin alderatuz gero. Horrela, INEk berak %8,7ko langabezia tasa erregistratu zuen urteko lehen hiruhilekoan Bizkaian, eta %6,5ekoa Gipuzkoan eta %7,5ekoa Nafarroan. 

Iragan astean bertan, Eustatek esan zuen Gipuzkoan biztanle aktiboen %4,1 zeudela lanik gabe, eta %6,7 zirela Bizkaian.

Emakume gutxiago langabezian

INEren lan merkatuari buruzko inkestan bada ezohiko beste zenbaki bat: emakumeen langabezia tasa txikiagoa da (%6,6) gizonena baino (%7,9). Egia da INEren azken inkestetan ere hala agertu dela, baina ez dator bat ez Eustatek EAErako ematen dituen datuekin, ezta langabezia erregistratuaren datuak Gizarte Segurantzako afiliatuekin erkatuta ateratzen denarekin ere. 

Are gehiago, INEri erreparatuz gero, azken hiruhilekoan emakumeen artean soilik txikitu da langabe kopurua (-4.400), gizonen artean ez baitago ia aldaketarik (-100).

DATUak

%17,7

Zenbat langile publiko dauden. INEren inkestan azaltzen denez, 232.600 langile publiko daude Hegoaldean, landunen %17,7. Emakumeen artean, tasa hori %23,4 da.

%83,2

Zenbat langilek duten lanaldi osoa. INEren arabera, Hego Euskal Herriko okupatuen %83,2k lanaldi osoa zuten aurtengo bigarren hiruhilekoan. Duela urtebete, berriz, %84,6 ziren.

%26,4

Zenbat emakumek dute lanaldi partziala. Emakumeen lanaldiari buruzko datuetan ez da desadostasunik INEren eta beste erakundeen artean. Horrela, lanaldi partziala duten lau langiletik hiru emakumeak dira, eta emakume landunen artean %26,4k daukate lanaldi partziala — gizonen artean %7,9 dira—.

Sektorekako enpleguaren datua ere ematen du INEk. Horren arabera, azken hiruhilekoan arlo guztietan handitu da landunen kopurua. Zortziehun gehiago dira lehen sektorean, 3.800 gehiago industrian, 2.300 gehiago eraikuntzan, eta 2.600 gehiago zerbitzuetan. Azken horrek enplegatzen ditu Hego Euskal Herriko langileen %71,9. Industrian %21,5 ari dira, eraikuntzan %5,2, eta %1,4 nekazaritzan eta arrantzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.