LANGABEZIA TASA. Irailean 673 langabe gutxiago zenbatu ditu INEMek Hegoaldean

Hego Euskal Herriko lanik gabekoen kopuruak 86.853 laguneraino egin du behera, eta Araban eta Gipuzkoan jaitsi da gehien

Erredakzioa
2004ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Abuztuko datuekin alderatuz gero, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %0,77 murriztu zen irailean INEMen arabera. 673 langabe gutxiago zenbatu zituen aurreko hilabetean Hegoaldean, 86.853 orotara. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan jaitsi zen lanik gabe zirenen kopurua irailean. Araban eta Gipuzkoan izan ziren murrizketarik esanguratsuenak: %1,83 eta %1,67 jaitsi ziren langabezia tasak, hurrenez hurren. Nafarroako tasa, berriz, %0,47 murriztu zen eta %0,19 Bizkaikoa.

Zenbateko orokorrari erreparatuz gero, Bizkaia zen langabe gehien dituena; %7,90ekoa da langabezia tasa. Era berean, Bizkaian murriztu zen gutxien langabeen kopurua irailean (%0,19). Nafarroan, berriz,%6,55eraino jaitsi zen. Atzetik doaz Araba eta Gipuzkoa, %6,29ko eta %5,98ko langabezia tasarekin. Araban eta Gipuzkoan murriztu zen gehien langabezia tasa irailean; %1,83 eta %1,67, zehazki.Aurretik lanik ez zuten langabeen kopuruak soilik egin zuen gora joan den hilabetean. 358 laguneko hazkuntza izan zuen. Gainerako jarduera sektoreetan behera egin zuen lan bila ari zirenen proportzioak. INEMen arabera, 32 langabe gutxiago ziren irailean nekazaritzan. Zerbitzuetan 44 beharginekoa izan zen murrizketa. Industrian eta eraikuntzan izan ziren, ordea, jaitsiera handienak. INEMen arabera, industrian 427 pertsona gutxiago ari ziren irailean lan bila eta 568 gutxiago eraikuntzakoak zirenak.Espainian, ordea, 20.023 langabe gehiago zenbatu zituen INEMek irailean. Langabeen kopurua 1.618.415eraino igo zen, beraz. %8,45eraino langabezia tasa.

Enplegua, «kaskarra»

UGTk iraileko langabeziaren murrizketa «itxurazkoa» eta «gutxienekoa» dela ohartarazi zuen. Salatu zuenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegua «oso kalitate kaskarrekoa eta iraupen laburrekoa» da. «Gizarte akordioa ezinbestekoa da behin-behinekotasuna saihesteko», gaineratu zuen.

CCOOk ere enpleguen behin-behinekotasunaren aurka egin zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabeziaren murrizketa ez dela adierazgarria ohartarazi zuen. Era berean, gizarte elkarrizketari ezinbestekoa iritzi zion. Nafarroako CCOOk, ostera, INEMen datuarekin «pozik» dagoela azpimarratu zuen, «murrizketa joera artean ere indarrean delako».

-

EUROPAKO BATASUNA



Langabezia tasa %9koa izan da abuztuan, uztailean bezala



Europako Batasuneko abuztuko langabezia uztailaren parekoa izan zela jakinarazi du Eurostatek; %9koa. Urtez urteko datuak alderatuz gero, ordea, 0,1 puntu murriztu zen tasa abuztuan eta 0,1 puntu igo Eurogunean. Langabe proportzio handienak Polonian (%18,7),eta Eslovakian (%15,7) zenbatu zituzten Eurostatek. Tasa apalenak, berriz, Irlandakoa (%4,4) eta Luxenburgokoa (%4,3) dira. Alemaniako Enplegu Agentziaren arabera, 89.900 langabe gutxiago ziren herrialdean irailean. %10,5etik %10,3ra jaitsi zen, beraz, langabezia tasa. Agentziak zehaztu zuenez, murrizketa uda sasoiko lanek eraginda gertatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.