Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere Bizkaian eta Nafarroan

Urrian 1.129 langabe gehiago zenbatu dituzte. Zerbitzuen arloan eta aurretik enplegurik izan gabekoetan izan da igoerarik handiena. Afiliazioaren datua errekorrak hausten ari da oraindik ere.

Zerbitzuetan handitu da gehien langabezia. Artxiboko irudian, ostalaritzako langile bat.  JON URBE / FOKU
Zerbitzuetan handitu da gehien langabezia. Artxiboko irudian, ostalaritzako langile bat. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2025eko azaroaren 3a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko lan merkatua geldotze batean sartzen ari den lehen zantzuak iradoki ditu urrian langabezia erregistratuak. Irailean baino 1.219 langabe gehiago daude Lanbideko eta Lansareako zerrendatan, eta langabeen kopurua 136.568ra igo da berriz, iraileko beherakadaren ostean.

Iazko urritik beste datu bati so egitea lasaigarriagoa gerta daiteke, oraindik ere Hego Euskal Herrian iaz baino 2.017 langabe gutxiago baitaude. INEren biztanleria aktiboaren datuan oinarrituta, langabezia tasa %9,65era igo da, hamarren bat handituta.

Hilabeteko igoerarik handienak Bizkaian —613 langabe gehiago— eta Nafarroan (579) gertatu dira; igoera askoz ere apalagoa izan da Araban (26), eta hutsala Gipuzkoan (1).

Bizkaiko eta Nafarroako datuei begira, antzeman daiteke zerbitzuetan handitu dela gehien langabezia, alde handiz. Zerbitzuetan, Hego Euskal Herrian aurreko hilean baino 458 langabe gehiago zenbatu dira urrian.

Aurretik enplegurik gabeko gisa erregistratutako langabeen artean ere igoera nabarmena izan da (401). Bestalde, hainbat laboreren uzta amaiera ere igarri da nekazaritzan, eta sektore horretan 255 langabe gehiago daude.

Erregistratutako langabeziari sexuaren arabera begiratzean, berritasun handirik ez da izan urrian datu nagusian: oraindik ere, emakumezkoak dira erregistratutako langabe gehienak (ia %59).

Kontratu gutxiago

Kontratuei begira, deigarria da kontratuen kopuruak hilabetean izan duen beherakada. Guztiak gutxitu dira, mugagabeak eta aldi baterakoak. Urrian 10.600 kontratu gutxiago sinatu dira irailean baino, baina funtsean azken urteetan urrian gertatutako joera aurten errepikatu dela erakusten du horrek.

Jaitsi egin da kontratu mugagabeek kontratu guztiekiko duten pisua ere. Irailean, mugagabeak ziren kontratuen ia laurdenak (%25,4); urrian, aldiz, %23,8ra jaitsi da portzentajea. Horretan ere aurreko urteetako urrietako joerak berretsi dira.

Langabe bezala erregistratuta daudenen ia erdiek baino gehiagok ez dute langabeziari lotutako inongo prestaziorik jasotzen; 76.791 pertsona dira, langabeen %56. Portzentaje hori nabarmen handitu da hilabetean, abuztuan %48,1 baitziren saririk jasotzen ez zutenak.

Zerikusi zuzena du horretan langabezia sari arrunta jasotzeko eskubidea duten langabeen ehunekoa %38,8tik %30era apaldu izanak abuztutik irailera. Subsidioa jasotzen duten langabeak (17.408 pertsona) ia %13 dira orain ere.

Langabezia datu kaskarren ondoan, Gizarte Segurantzako datu onak kontrajartzen dira. Urrian baino 16.186 afiliatu gehiago daude afiliatuta, eta iazko urrian baino 15.319 gehiago. Ohikoa da uda osteko hilabeteak onak izatea arlo horretan, udan sektore jakin batzuetan galtzen diren enpleguak (batez ere hezkuntzan), ikasturtea hasitakoan berreskuratzen direlako. Hori gertatu da aurten ere: 23.500 afiliatu galdu zituen Gizarte Segurantzak uztailean eta abuztuan, eta ia 27.000 sortu ditu irailean eta urrian. Eta horrela, Gizarte Segurantzako afiliazioak maiatzeko errekorra hautsi du: 1.348.822 afiliatu daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.